Euskadiko emaitzek hautsak ederki harrotu dituzte, alajaina! Berehala hasi gara hondamendia aurreikusten: hezkuntzan diru gehiago inbertitu behar duela Jaurlaritzak, autokonplazentzian erortzeko joera dugula, bizilagunak baino hobeak ginelakoan geundela, ia denak besteei, batez ere erakundeei, leporatutako kritikak.
Emaitzak publikatu eta berehala, inolako azterketa eta gogoetarik egin gabe, bla, bla, bla bota ditu jende askok mingainera etorri zaizkion guztiak. Zer gertatu da, ba, 3 urtetan? Emaitzak onak zirenean noren meritua zen, ba? "Zer ikusi hura ikasi", ikastola, ikastetxe, eskola, unibertsitateetako zenbait arduradun izan dira zapoak botatzen lehenak, hauek ikasle guztien adibide izan beharko luketenean.
Inteligentzia emozionalari leku handiagoa egin beharko genioke, bata bestearen lekuan jartzea da ariketarik interesgarrienetakoa, bai nerabeentzat eta baita "helduentzat" ere.