Gipuzkoako orografia traketsaz askotan hitz egiten dugu errepideen kudeaketan, eta honen adibide ditugu bailaran jasan ditugun lur-jausiak. Uraren indarra nabarmen ikusi izan dugu urte askotan uholde ikaragarrietan, baina geroz eta gehiago ikusten ari gara errepide sarean urak duen eragina. Arroka eta harkaitzak apurtzerainoko indarra du urak.
Geroz eta gehiago entzuten ditugu geologian eta geoteknian adituen iritziak. Esan behar da geologia ez dela zientzia zehatza; aldagai asko egon daitezke lurraren muinean, eta lur hori barrutik nolakoa den zehazki jakitea ez da posible izaten askotan.
Telebistan entzun dut Ondarroako lur-jausiaren ondorioak hilabeteetan ezingo direla bideratu; aldi berean entzun dut egunetako kontua izango dela. Mezu kontrajarriak ematea ez da zentzuz jokatzea, Ondarroan ia 200 familiak etxea utzi behar izan dutenean. Zoritxarrez, lur-jausi handietan, konponbidea oso zaila izaten da, eta luzerako kontua. Lehentasunak gizarte lankidetza, erakunde arteko lana eta kaltetuei laguntzak dira, mendia nola eta zenbat denboran egonkortuko den usteak zabaltzen ibili ordez.