'La estrella azul' pelikula: erritmo barnekoia

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2024ko mar. 8a, 10:00

Mauricio Aznar musikarekin eta bere bizitzarekin deseroso sentitzen zen aurreko mendeko
90eko hamarkadan, Zaragozan. Krisialdi existentzialean murgilduta dago eta drogek ez dute laguntzen gauzak hobeto joan daitezen. Rock musikaria izanik, Atahualpa Yupanki musikari argentinarra miresten du. Hori dela eta, bizitzari bira bat eman nahian, Argentinara doa, Santiagoko folklorearen esentziaz blaitzera.

Mauriciok bizimodu berri bat ezagutzen du. Hango jendea abegitsua da, eta daraman bizimodua oso lasaia. Folklorea, musika eta dantza bizitzaren mamia dira. Musikak espirituak elikatzen ditu. Bakoitzak musikaren erritmoa barneratu behar du, eta horrek prozesu bat behar du. Musikaren erritmoa bizitzara zabaldu dezakegu. Gizakiak bere erritmo barnekoia topatu behar du. Mauricio horretaz ohartzen da, baina, sarritan, gizartearen erritmoak eta exijentziak irentsi egiten gaituzte.

La estrella azul film freskoa eta naturaltasun handikoa da. Sinesgarriak dira deskribatzen dituen tokiak, bai Zaragoza, baita Argentina ere. Oso ondo azaltzen da pertsonaien artean gertatzen den elkar-ezagutza eta euren artean sortzen diren lokarri afektiboak. Hala, Santiagoko gizartearen eta Mauricio Aznarren erretratu egokia lortzen du. Filmak dokumental tankera izan arren, hasieran eta bukaera aldean garbi lagatzen digu fikzio-lan baten aurrean gaudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak