Bizi proiektu gatazkatsua

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2022ko ira. 22a, 08:54

Suro. Zuzendaria: Mikel Gurrea. Aktoreak: Vicky Luego, Pol López, LLyass El Ouahdani. Iraupena: 116 minutu.

Suro filmean hiriburuan bizi den bikote batek mendira bizitzera joatea erabakitzen du, bikotearen neskak izebarengandik jasotako baserri batera hain zuzen ere. Bizi-proiektu berri bat eraikitzea pentsatu edo amestu dute. Baserriarekin batera ingurunean artelatzak dituzte, eta artelatzetik kortxoa atera dezakete. Neska praktikoagoa da eta hiriko bizimodua eta diseinua mendiko baserrira eraman nahi ditu; mutilak, nekazaritzako ingurunean integratzea gurago du. Bikotea hasieran oso pozik dago. Barreak, harmonia eta keinu maitekorrak oso ohikoak dira.
Poliki-poliki gauzak aldatzen joango dira; bakoitza bere aldetik mugituko da, bestearen nahiak edo beharrak kontuan izan gabe. Euren arteko inkomunikazioa areagotuz doa.

Artelatzak ustiatzeko, inguruko pertsonen eta kanpotik etorritakoen eskulana beharko da. Eta hor ere gatazka sortuko da; kapitalismoarekin eta arrazakeriarekin zerikusia duen gatazka, hain zuzen ere. Lan baldintzak ez dira betetzen, batez ere migratzaileei dagokienez; negozioari etekina ateratzea garrantzitsua da. Horrela, hasieran kutsu idealista izan dezakeen ideia aldatzen joango da. Eta gauzak zaildu egiten direnean ezkutuan dagoen arrazakeria ere agertzen da.

Horrela, filmaren lehen zatian bikotearen harreman sentimentalei buruzko istorioa dela ematen badu ere, aipatutako osagaiekin, thriller kutsua hartzen du. Landa-eremuko bizi idilikoaren ideia amesgaizto bihurtzen ari da. Ulertzen ditugu bikoteen ikuspuntuak eta nola poliki-poliki euren proiektua eskuetatik ihes egiten ari zaien. Zuzendariak ederki islatzen digu pertsonaien ametsak eta beharrak, sortzen den gatazka, eta bigarren zatian, egoeraren tentsioa eta kutsu asaldagarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak