Luhrmannek Elvis-en karisma eta indar interpretatzailea energia harrigarriz transmititzea lortzen du. 159 minutuetan, ikuskizunaren mundua zer den eta artearen, alderdi komertzialaren eta gizarte konbentzioen artean dagoen gatazka erakusten digu zehaztasunez. Filmaren azken herenean kontatzen zaizkigu pertsonaiak drogarekin dituen arazoak, ezkontza-krisia... Presaka samar, baina nahiko modu eraginkorrean.
Erritmoari eta estilo zinematografikoari dagokionez, eta filmak oso desberdinak izan arren, bere egitura dramatikoan, Elvis-ek Milos Formanen Amadeus filma gogorazten dit. Bietan narratzaile bat dago, istorioan zehar gidatzen gaituen pertsonaia negatiboa. Amadeus-en, Salieri zen apaiz baten aurrean konfesatzen zena, Mozartekin zuen inbidiaz eta frustrazioz betetako harremanak kontatuz. Elvis-en, aldiz, Tom Parker koronela, anbizioz eta gutiziaz kantariaren karrera gidatu zuen managerra zuzentzen zaie ikusleei.