Prozesu guztia ikusiko dugu: artistaren ideiak nola sortzen diren, zertan oinarritzen den, obra burutuko duten langileei azalpenak ematen, langileak materialak eta obraren osagaiak eramaten eta gero osagaiekin lana burutzen, eta, azken finean, Hondalea sortuta, ikusleek disfrutatzeko aukera izan dezaten.
Iglesias ikusten dugu irlako kobetan olatuen eraginak sortu duen higadurak eta olatuek arrokan kontra nola jotzen duten aztertzen. Naturaren efektu hori izango da obra artistikoaren ardatz nagusia. Faroaren barruan eskailera bat egin dute behean dauden arroka eta olatuen irudikapena altuera eta ikuspuntu desberdinetatik ikusi ahal izateko.
Altunak garrantzi handia ematen dio naturari. Olatuen eta haizearen soinuak sarritan entzuten dira eta itsasoko irudiek garrantzi nabarmena dute. Ematen du naturan obraren lekukoa dela. Azken finean natura obran integratzen da eta horrela, natura artea bihurtzen da.
Hondalea dokumental neurritsua eta ia minimalista dela esan genezake. Ikusgarritasunetik ihes egiten du artistaren prozesu sortzailea erakusteko. Bitxikeria bezala, gaiari aipamenik egin gabe, COVID-19aren presentzia somatzen da filmaren irudietan. Iglesiasen Hondalea ikusi dutenek, dokumentalaren bitartez informazio berri bat jasotzeko aukera dute. Oraindik Iglesiasen obra ikusi ez dugunok hara joandakoan agian hobeto ulertu eta disfrutatu dezakegu eskultura.