Oso film bereziak izaten dira: dotoreak, melankoliotsuak eta harmonia barnekoiarekin. Bere filmetan familiako harremanak; homosexualitatea eta gudak eragindako hilketak, min fisikoak eta psikikoak agertzen dira. Dotorezia hitza erabiltzerakoan ez da bakarrik filmean agertzen diren jantziak edo etxeak ederrak direlako. Kasu honetan halaxe da, istorioaren pertsonaiak dirudunak direlako, baina beste kasu batzuetan Susent Song-en gertatzen zen bezala, pertsonaiak baserrikoak izanik eta bere bizimodua apalagoa izanik, bere zinema ez zuen bere edertasuna galtzen. Davisek oso ondo daki denborarekin jokatzen. Oroimena eta lehenaldiaren pisu nabarmena izaten da. Kamerarekin egiten dituen panoramikak, garai batetik beste batera pasatzeko trantsizioak, musika eta abestien erabilera, irudien edertasuna, aktore guztien lan zoragarriak… Dena gustu onez egina dago baina akademizismoan erori barik.
Bendiction-en Siegfried Sasoon poetaren bizitza kontatzen digu. Lehen guda mundialean borrokatzen ari zenean, politikoen portaerak milaka hildako, zauritu eta sufrimendu ikaragarria sortarazten zuela salatzeko armadatik alde egitea erabaki zuen. Armadako agintariek denboraldi baterako egoitza psikiatriko baten barneratzea erabaki zuten. Han bere bizitzan garrantzi handia izango duen pertsonaia ezagutuko du. Lehengo gudaren eskarmentuak eta han ikusitako guztia bere oroimenean mantenduko dira eta bere olerkietan gordintasunez eta edertasunez islatuko dira. Davisen bikain jokatzen du artxiboko irudiekin eta Sasoonen olerkiekin gudaren kalteak azaltzeko. Honekin batera, egoitzatik irten ondoren bere amodio harremanak ikusiko ditugu. Diruko familiakoa izanik, festa eta ikuskizun ugarietara joaten zen, han jende asko ezagutuko zuen eta handik amodio mingarriak eta garrantzi gutxiko harremanak sortuko dira. Gure oroimenekin bizi beharko dugu, iraganeko manuen eta melankoliarekin.
Zuzendaria: Terence Davis
Aktoreak: Jack Lowden, Simon Russell Beale, Peter Capaldi