Bere filmek ez dute inor epel uzten. Gai polemikoak ukitzea gustatzen zaio eta horietara hurbiltzeko moduek eztabaidarako aukera ematen dute. Kasu honetan, Druk-en protagonistak institutuko lau irakasle dira. Euren artean komentatzen dute Norvegian badagoela teoria bat, dioena gizakiok gure gorputzean %0,05eko alkohol falta dugula eta gure puntu ona aurkitzeko maila horretara heltzea komeni zaigula. Esperimentu gisa, irakasleak maila horretara helduko dira; gero, neurri hori igo egingo dute, efektuak nolakoak izango diren ezagutzeko. Esperimentuak lanean eta etxeko harremanetan eragina izango du.
Filmari buruz eztabaidak sortu dira. Batzuk alde dira; beste batzuek diote zuzendariak hasieran gogor egiten duela eta gero, berriz, atzera. Dena den, alkoholari buruz hitz egiteaz gain, bizitzan ilusioa ez galtzearen eta monotonian ez erortzearen garrantziari buruz hitz egiten du filmak. Hala eta guztiz, mezuaz gain, Vinterbergek filmatzeko duen modua distiratsua da. Adibide gisa, lagunarteko lehen afariaren eszena dugu. Planoen egiturak, erritmoak, musikaren erabilerak eta aktore guztien lan bikainek oso erakargarri egiten dute filma. Vinterbergen lanak polemikoak eta eztabaidagarriak izan daitezke, baina baita zinemara hurbiltzeko gogoa sortzen dutenak ere.