'Sutemose': intentsitate itogarria

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2020ko ira. 22a, 20:45

Sarunas Bartasen pelikulan kontatzen den istorioa 1948an kokatzen da. Ordu hartan, Lituania Sobietar Batasunaren mende zegoen, eta partisanoak basoan bizi ziren, ezkutatuta. Oraingo honetan, aita-seme batzuen bizitza eroan du pantaila handira zuzendari lituaniarrak.

Basoan ezkutaturik bizi ziren partisanoak bertatik irteten ziren armada inbaditzaileari aurka egiteko. Baso inguruan hainbat baserri daude, eta baserri bateko aita eta semea istorioren protagonista nagusiak dira. Istorioaren hasieratik bukaerara bilakaera izango dute, biek ala biek.

Aita, hasieran, sekretuetan eta erdi gezurretan murgilduta, egiara hurbilduko da. Semea, berriz, ezjakinean bizitzetik, gerraren indar suntsitzailea bizi izatera pasako da. Modu horretan, gerrak gizakiengan duen eragina indar eta intentsitate osoz helduko zaigu. Bikain islatzen da beldurra edukitzea zer den. Pertsonak babes barik bizi dira, euren etxean nor agertuko zain. Bizirik irautearen grinak eta pertsonengan sortzen den askonahiak arriskuan jartzen dute gizakien bizitza.

Sobietar Batasuneko armada etxeetan agertzen da, bertan duten dirua kendu nahian. Giro horretan, bizitza zabaltzeagatik edo egoerari etekina ateratzeagatik salatari pila sortzen dira, egiazko eta faltsuak diren salaketak egiten. Egoera horrelakoa izanda, jendea beldur da eta mesfidantza zabaltzen joango da. Guregana hurbiltzen den edozeinek gure bizitza eta gure familiakoen bizitza arriskuan jar dezake. Gerren indar suntsitzailea izugarria da. Pila bat hildako ekartzeaz gain, barrutik ere hiltzen gaituzte. Mugan dauden egoerek gizakien alde ona eta txarra martxan jartzen dituzte. Gerrek zauri fisiko eta psikikoak zabaltzen dituzte. Gorrotoak, odolean sartzen den pozoi baten gisa, gizartea kolpatzen du, eta denbora luzea behar da efektu hori desegiteko.

Filmaren intentsitate emozionala itogarria da. Hasieratik egoeraren giro kutsatua heltzen zaigu. Pertsonaien beldurrak, mesfidantzak. Susmatzen dugu ez dela ezer onik pasatuko. Zuzendariak bere denbora hartzen du istorioa azaltzeko, pertsonaiak mugitzen diren tokiak eta pertsonaien aurpegietan dagoen tentsioa adierazteko. Intentsitatea azkeneko partean gero eta handiagoa da. Bukaeran, ikuslea zinematik hunkituta irteten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak