Emakume kementsuak

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2020ko ira. 21a, 18:53

Duela 36 urte, Pedro Oleak Akelarre filma estreinatu zuen. Orain, Pablo Aguero zuzendari argentinarrak izen bereko filmarekin hasiera eman dio Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialeko lehiaketari.

XVII. mendean Inkisizioak Jainkoaren izenean sorginen bila egindako sarraskien gainekoak dira bi filmak. Kasu honetan, epaile bat bere taldearekin heltzen da marinel herri batera. Gizonak itsasoan lanean daudela aprobetxatuz, herrian dauden emakumeak atxilotuak izango dira sorginen erritoak jarraitzeagatik.

Talde inbaditzaileak akelarreak nola ziren jakin nahi du, eta ekintza horietan parte hartzen dutenak bizirik erre. Salatutako pertsonak herriko emakume gazteak dira. Prozesu guztia azaltzen zaigu: nesken atxiloketa, horien aitorpena lortzeko eginiko torturak eta eragindako tratu txarrak –kasu batzuetan, elipsien bidez– eta epaiketa krudelari emandako bukaera. Hori gertatzen den bitartean, nesken taldean izango den aldaketa ikusiko dugu: hasieran, izututa atxiloketaren aurrean, euren arteko mesfidantzarekin, salataria nor izan den jakin nahian; gero, taldean sortzen den indarra eta bizirik irauteko kemena erasotzaileri aurre egin ahal izateko.

Talde guztietan izaten da pertsonaren bat besteak gidatzeko ahalmenarekin. Kasu honetan, Ana da Inkisizioko epaile nagusiaren ahuleziaz –bakoitzak ikusi nahi duena ikusten dugu– eta izaeraz jabetzen dena, eta, horrekin jokatuz, nesken arteko errebolta martxan jarriko du antzezpen bat antolatuta, Sherezadek ipuinekin egiten zuen erara, euren burua salbu jarri nahian.

Istorioa XVII. mendean girotuta egon narren, argi geratzen da kontatutako istorioa gaur egungo emakumeen artean sortutako mugimenduekin lotzen dela. Akelarre-k indarra du: aktoreen lanak, kameraren mugimenduek, gertuko planoek eta muntaiak ondo islatzen dute pertsonaiak jasan ari diren egoera aztoratzailea. Filmari mehetasuna falta zaio pertsonaia batzuen izaera sakontzeko; trazu gordinez azaldutakoak dira, eta horrek sinesgarritasun puntu bat kenduko dio filmaren azkeneko zatiari.

--------------

  • Zuzendaria: Pablo Agüero.
  • Aktoreak: Amaia Aberasturi, Alex Brendemühl, Lorea Ibarra, Yune Nogueiras.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak