Familien arteko harremanak
La Vérité
Koreedak sarritan etortzen da Donostiako Zinemaldira. Joan zen urtean Donostia Saria jaso zuen eta bere filmak, lehiaketan edo beste sailaren baten kokatuta, hemen izaten dira. Zuzendari japoniarra pozik etortzen da eta ikusleak zain egoten gera ekartzen dituen lanak
dastatzeko. Aurten Zinemaldian La Vérité aurkeztu du.
Japoniatik kanpo, Parisen hain zuzen ere, filmatu duen lehen pelikula. Bertan, Frantziako izar nagusienetariko batzuk parte hartu
izan dute. Catherine Deneuvek bere memoriak idatzi dituen aktore famatua da. Juliette Binochek Ameriketako Estatu Batuetan bizi den alaba da. Alaba zinema gidoilaria da eta amak liburua idatzi duenez, aktorea den senarrarekin eta alabarekin gertakizuna ospatzera dator.
Deneuvek egiten duen pertsonaia zinema izarrak askotan izaten duten ukitu harroa du. Ez da inoiz isiltzen eta beti ironiaz berba egiten du bileraren erdigunea izan nahian. Biak denbora luzean ez dute elkar ikusi eta elkarrizketetan, moduak mantentzen badute ere, antzematen da euren artean hitz egin gabeko eta ondo konpondu gabeko kontuak daudela. Iraganean gertatutakoari buruzko benetako elkarrizketa dute zain.
Koreedaren filmetan familia eta honen barnean sortzen diren harremanak, loturak eta sentimenduak agertzen dira. La Véritén pertsonaiak minduta egon arren, komedia kutsua nagusitzen da. Zuzendari japoniarraren istorioak, nahiz barruan sufrimendu eta drama momentuak izan film argitsuak eta baikorrak izaten dira. Ederki islatzen ditu pertsonaien artean dagoen adiskidetasuna. Film honetako pertsonaiak zinema munduan sartuta daude.
Eguneroko bizitzarekin batera ama eta alaba baten arteko harremanei buruz hitz egiten duen filmaketa dago. Errealitatea eta fikzioa parte hartzen dute bien arteko harremanetan. Koreedaren lan hau ez da beste batzuen bezain borobila. Gidoiko pertsonaia batzuek ez daude
hain garatuta eta trama zerbait artifiziotsuagoa da. Pertsonaiak ez dira hain gertukoak egiten. Hala eta guztiz, La Vériték mantentzen du zuzendariaren argia.
Erabakitzeko eskubidea
Il pleuvait des oiseaux
Film kanadar honetako protagonistak adineko pertsonaiak dira. Gizon batzuk izandako bizitzatik ihes egin nahian, gizartetik ezkutaturik, laku baten inguruan bizitzea erabaki dute. Bakoitzak bere txabola du eta euren artean biltzen dira igerian egiteko, berba egiteko edo elkarrekin egoteko. Lakura adineko emakume bat helduko da eta honen eta argazkilaria den neska gazte baten agerpenak aldaketak ekarriko dituzte horien bizitzetan.
Filmaren lehenengo zatiak larunbata arratsaldean telebistan botatzen dituzten telefilmen tonu arina eta inpertsonala gogoratzen du. Bigarren zatian, tonu konbentzionala guztiz galdu barik, istorioa beste bide batzuk hartzen ditu: heriotzari aurre egiteko modua erabakitzeko eskubideari buruz hitz egiten du, eta zineman oso gutxitan ikusten den adineko pertsonaien arteko sexu eszena bat agertzen da.
Egoera suntsigarria
A Dark, Dark Man
Kazakhstanetik datorkigun A Dark, Dark Man oso proposamen bitxia da. Halako filmak Zinemaldietan saririk ez badute lortzen, gero oso nekeza izaten da zinema komertzialetan estreinatzea.
Istorioa kontuan izanik, esan daiteke thriller baten barnean gaudela, baina absurdoarekin zerikusi handia duen thrillerra. Filmaren hasieran haur bat hilik agertzen da. Poliziak Ikerketa martxan jartzearen plantak egingo du, baina badute aukeratuta nori bota errua. Istorioa aurrera doan neurrian, jakingo dugu beti horrela izaten dela. Agintariak, poliziak eta mafiak kontrola dute egia ezkutatzeko eta euren sortutako egia kaleratzeko. Ustelkeria, azpijokoak, diruaren bidez edo indarkeriaren bidez, boteretsuek bere helburua lortzen dute.
Hauxe da herrialdearen egoera suntsigarria. Ustelkerian murgilduta dagoen polizia batek, kazetari batek, hilketa leporatu dioten errugabeak eta bere emaztegaiak bidai bat hasiko dute eta bidaian gizarte kutsatu horren oztopoekin topo eginez.
Adilkhan Yerzhanoven thrillerraren estiloak Bong Joon-honen estiloa gogoratzen du. Thrillerraren pertsonaien portaera askotan burugabea eta absurdoa da, tentsioa eta umorearen arteko nahasketa ematen da. Zuzendari denbora hartzen du nahi duen istorioa kontatzeko. Scopearen erabilera, pertsonaiak paisai bukaezin aurrean, horien bakardadea eta babesa eza azaltzen du. A Dark, Dark Man lan originala eta pertsonala da.