Portrait de la jeune fille en feu (Perlak)
Zuzendaria: Céline Sciamma
Helöise komentutik irteten da, ezkontzeko zen ahizpa bere buruaz beste egin duelako eta berari dagokiolako ahizparen tokia betetzea honen senargaiarekin ezkonduaz. Ezkontza aurrera eramateko beharrezkoa da senargaiari erretratu bat bidaltzea. Helöisek ez du nahi erretraturako posatu nahi. Egoera ikusita, amak Marianne kontratatzen du honek Helöisen erretratu ezkutuan egin dezan. Teorian honen laguntzailea izateko kontratu duten arren, egunean honen behaketa sakona egin ondoren, bere gelan erretratua margotu beharko du.
Hasieran ia berba egin gabe eta distantziak mantenduz, paseoak egingo dituzte. Gero konfiantza hartzen joango dira, lagunak egin arte. Eta horren ondoren euren artean amodioa eta pasioa sortuko da. Ikuslea prozesu guztiaren lekuko izango da. Zuzendariak fintasunez,
behaketa ahalmen handiarekin eta oso modu sentikorrean aditzera ematen digu pertsonaien sentimenduetan ematen diren aldaketa guztiak.
Itsasoaren soinua, Mariannek Helöiseri Vivaldiren musika azaltzen, argia, jantzien koloreak, pertsonaien begiradak, keinuak. Osagaiak maisutasunez erabilita daude istorioaren garapenerako. Sentsuek garrantzi handia dute momentu bakoitzaren atmosfera islatzeko. Estetikoki filma oso ederra da estetizismoan erori barik. Sciammak leuntasunez eta epeltasunez hurbiltzen da amodio istorio eder honetara.
Zeroville (Sail Ofiziala)
Duela bi urte James Francok, The Disaster Artist filmarekin Donostia Zinemaldiaren Urrezko Mazkorra lortu zuen. Aurten Zerovillerekin zetorren lehiaketara, baina filmak, Errusian estreinatuta dagoenez, ezin du lehiaketan parte hartu. Bai, ordea, Sail Ofizialean proiektatu.
The Disaster Artisteko protagonista nahiko pertsonaia bitxia eta eroa bazen, Zerovilleko pertsonaia nagusia oraindik bitxiago eta eroagoa da. Eta pelikulak konparatuz gero, lehenengoa komedia txiki eta apala bazen, orain estreinatzen dena sailkaezina da. Ukitu psikodelikoa du eta bertan, Hollywooden klasikoak omentzen dira: El crepúsculo de los dioses, Casablanca eta batez, ere Un lugar en el sol; David Lych eragina sumatzen da eta argumentuaren barruan, ez dakit Francok Iván Zuluetaren filma ikusi duen, baina honen Arrebatorekin loturak ditu. Azkenean, emaitza nahaste-borraste pertsonala, arriskutsua eta nekagarria da.
The Other Lamb (Sail Ofiziala)
Malgorzata Szumowksaren proposamena ez da batere erakargarria. Sekta baten gizon bat dago eta beste guztiak adin desberdinetako emakumeak dira. Gizona da taldearen gidaria eta buruzagia eta emakume guztiek honen esanak otzantasunez eta debozioz jarraitzen dute.
Gizonak emakumeak taldeka antolatzen ditu, segun zein taldetan emakumeak daramaten arropak kolorez aldatzen dute. Ez dute gizonaren esanak zalantzan sartzen eta euren artean lehia giroa sortzen da horren arreta lortzeko. Taldearen portaeragatik eta duten jantziengatik beste garai bateko jendea ematen du. Agian, beste garai baten taldearen portaera sinesgarriagoa izan zitekeen, baina gure garaian kokatua dagoenez, nahiko saila da pertsonaien portaera sinestea. Esan daiteke, istorioa emakumeen egoerari buruzko metafora bat dela.
Halako mezuak aldarrikatu daitezke, baina modu burutsuagoan. Hori bai, irudiaren aldetik filma zainduagoa dago.