Martxan da Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2019ko ira. 21a, 17:36

Oraindik alfonbra gorriak babesten duen plastikoa kendu gabe dagoenean, ofizialki Zinemaldiari hasiera ematen dion emanaldia gabeko 21:00 hasten delako, goizeko 09:00etatik martxan dago Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioa. 

Bederatzi egun dira zinemara joateko. Jendean zinemara gerturatzeko irrika berpizten da eta gelak ikuslez betetzen dira. Berpizte horrek irudikeri puntu bat badu. Zinemaldian eskaintzen diren hainbat film zinema gelak betetzen dute eta gero, urtean zehar estreinatzen direnean, askotan ez dute ikuslearen erantzunik jasotzen.

Dena den, Donostian gaude eta zinema ikusteko gogo handiz, gainera. Sail ugari dauzkagu. Horien artean Sail Ofizialak izaten da Zinemaldi baten indarra neurtzen duena. Gehienak estreinatu gabeko lanak dira, beraz, ez dugu erreferentzia asko aldez aurretik honen balioa sumatzeko. Badu bere grazia ezer jakin barik film bat ikustera joatea. Zuzendari berrien Sailean berdin gertatzen da. Zineman lehen urratsak ematen ari diren zinemagileak daudenez, oso filma desberdinak ikusteko aukera izaten da. Badago Perlak izeneko atal bat. Honetan beste Zinemaldi garrantzitsuenetan sarituak izandako edo arrakasta lortu duten lanak aurkezten dira. Ikuslea, teorikoki behintzat, lasaiago joan daiteke zinemara. Horrela, kasu gehienetan, heltzen diren lanak ikusteak merezi dutelako. Urtero zuzendari baten lanak eskaintzen dira eta beste sail gehiago. Ezinezkoa da film guztietara heltzea, horrela, hurrengo egunetan batez ere, Sail Ofizialeko Filmaz eta Perlak saileko filmaz arituko gara.

Seberg (Perlak)

Seberg da Zinemaldiari hasiera eman dion filma. Bertan, Jean Seberg aktoreak hiru urtean zehar, 1968tik 1971 urtera, jasandako jazarpenaren azalpena egiten zaigu. Aktoreak, bere ile motzarekin, 1958. Urtean Otto Premingeren BonJour Tristesse lan ederrean parte hartu izan bazuen ere, 1960. urtean Jean-Luc Godarden Al final de la escapada-rekin zimaren ikono bihurtu zen.

Filma hasten den momentua aktorea Hollywoodera joateko da, La leyendea de la ciudad sin nombre filmean lan egiteko. Garai horretan Ameriketako Estatu Batuetan iskanbila handia zegoen arraza beltzeko gizakiak jasaten ari ziren tratuarengatik. Pantera beltza taldeak eta beste pertsona batzuk borrokatzen ari ziren gauzak aldatzeko. Sebergek harremanetan jartzen da mugimendu horiekin elkarrekin lan nahi izateko. FBIk, mugimendu guzti horiek kontrolatu nahian eta egoera eskuetatik ihes egin ez diezaion, edozein azpijoko erabiltzeko kapaz da. Eta azpijoko horren biktima Jean Seberg izango da.

Filman, Sebergen istorioarekin batera, FBIk duen portaera ikusiko dugu. Horren barnean inongo arazo moralik ez duten langileak daude baina horietatiko batek, plana aurrera doan neurrian, zalantzan jarriko ditu FBI taldeak erabilitako metodoak. Bigarren trama nahiko galduta geratzen da istorioan. Agian, egia izan daitekeen istorioari eskasa den fikziozko trama bat jarri diote. Seberg Amazon
Studioetako ekoizpen bat da. Itxuraren aldetik zaindua dagoen arren, bide erdian geratzen da, bai aktorearen erretratu bezala, bai, salaketa filma bezala. Eta azken emaitza nahiko konbentzionala da.

Blackbird (Sail Ofiziala)

Duela 5 urte Silent heart Billie Augusten film daniarrak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen. Orain Robert Mitchellek lan horren bertsio berri bat egin du. Nahiko normala izaten Ameriketako Estatu Batuetan munduko beste herrialde baten eginiko film baten bertsio berri bat egitea. Ez dena hain arrunta da bi bertsioak Zinemaldi berdinean parte hartu ahal izatea. Papprika Steen aktorearen interpretazioa saritua izan zen. Agian, kointzidentzia kopurua borobiltzeko, aurtengo zinemaldian Susan Sarandonek jaso dezake saria pertsonaia berdina egiteagatik. Batek daki.

Kontatzen zaigun istorioan familia bat biltzen da amak, oso gaixorik dagoenez, bere senarraren laguntzarekin, bere buruaz beste egitea erabaki duelako. Familia biltzen da amari, bizirik dagoenean, azken agurra emateko. Ez da ohiko egoera bat. Hasieran denek umorea edo behintzat normaltasun kutsu bat eman nahi diote gertakizunari. Baina, astebukaera aurrera doan neurrian, eraikitako koraza puskatuz joango da pertsonaiak euren sentimenduak azaldu arte. Hasieran pertsonaiak nahiko eskematikoak direla ematen du:
ama indartsua, alaba bat kontrolatzailea eta aztertzailea, beste alaba iraultzailea eta desorekatua. Eta erdian aita lasaia eta adeikorra. Eta gidoi aldetik, ematen du dena nahiko kalkulatuta dagoela pertsonaia bakoitzak bere eszena edo momentua izan dezan.

Zuzendaria moldatzen da, istorioa garatzen doan neurrian, pertsonaiak indarra eta bizia hartzen joateko eta emozioa sortarazteko. Zerikusi handia du aktoreen interpretazioak. Susan Sarandon, Sam Neill, Kate Winslet, Mia Wasikowska, Lindsay Duncan…
Oso zaila da film baten hainbeste aktore bikainak biltzea.

Les Misérables (Perlak)

Ladj Lyren filmak Canneseko Zinemaldian epaimahaiaren saria lortu zuen. Oso film indartsua eta interesgarria da. Lehenengo eszenan jendea kalean eta tabernatan ospatzen dago Frantziako selekzioak mundialean izandako garaipena. Hori da jai momentu bakarra. Hortik aurrera istorioa Pariseko auzo galdu batera hurbilduko da. Auzoan badago, harrokeriaz eta modu txarrez mugitzen den polizia patruila bat (bikote bat eta polizia berri bat). Horiekin batera badaude auzoa zuzentzen duten beste talde batzuk. Gutxi gora-behera denak ulertzen dira auzoa martxan jarraitzeko edo kontrolatzeko. Eta egoera horretan mugitzen dira auzoko gazteak ere.

Filmeko lehen zatian eguneroko bizitza ikusten da. Zuzendariak kamara asko mugitzen du auzoko bizitza harrapatzeko. Irudiak eta istorioaren giroa oso sinesgarria egiten zaigu. Deskribapen horrek sua hartzen du istorioan ezusteko gertakizun bat ematen denean.
Hortik aurrera, dena hankaz gora jartzen da, erritmo frenetikoa bihurtzen da eta intentsitateak gora egiten du. Zuzendariak lortzen du ikuslea istorioan sartzea. Oso ondo heltzen zaigu auzoaren atmosfera itogarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak