Gure ustea da tradizioa mendez mende guganaino iritsi dela. Baina kasu gehienetan, eta jaiekin lotutako tradizioak, ez dira mende batera iristen.
Horrela, gure hiriburuetako pertsonaia nagusietako batzuk aztertzen baditugu, ikusiko dugu Zeledon pertsonaia 1946an jaitsi zela Gasteizen lehen aldiz; Marijaia, ostera, 1978an atera zen Bilbon lehen aldiz; eta balearen desfilea 2016an; Donostian, piraten abordatzea 2003an sortu zen; Baionako Leon erregea bera ere 1987ko irudia dugu; eta betikoa uste dugun sanferminetako jantzi zuri zapi gorria 1930eko sanferminetan agertu zen.
Baina kontua ez da tradizioari uko egitea, baizik eta gizartearen mentalitatea aldatu ahala tradizio horiek birformulatu eta sistematikoki zalantzan jartzea egungo gizarteari gauza onik dakarzkion galdetzeko. Askotan, iruditzen zait tradizioari heltzen diogula gure nahiak betetzeko, oso argudio errazak erabilita. Betidanik egin direnez... aurten ere bai! Eta nire ustean, behintzat, zenbait programaketak eztabaida sakonagoaren premia daukate: gizarte laiko batean bizi bagara, erakunde publikoek erlijio bati dagozkion elizkizunak programatu ditzakete? Zezenketak edo... programatzen jarraitu behar dugu? Turistak erakartzeko helburuarekin, alkohola gure jaien zutabe bihurtu behar dugu, sanferminekin gertatu den bezala? Edo helburu berarekin medio guztiak erabiltzea entzierroa ezagutzera emateko, Falcesen egin duten bezala?
Akaso, ez da egokiagoa gai horiek guztiak lasai aztertzea eta herri bakoitzean galdu diren ezagutza kulturalak berreskuratzeko erabiltzea? Adibide modura, lehen sektorearen inguruko ezagutza berreskuratzea; hori bai dela tradizioa, belaunaldiz belaunaldi guganaino iritsi baita, eta galtzen ari garen kontzientziarik ere ez dugu.