Gasbidea natur eremuan?

Erabiltzailearen aurpegia Anaje Narbaiza 2023ko api. 5a, 00:00

Aralarrek baditu izendapen desberdinak, Gipuzkoan Kontserbazio bereziko Eremua eta Nafarroan Babes Bereziko Eremua.

Baina hitzek ez dute baliorik, gure proiektuek sinesgarritasuna kentzen badiote eremuari. Izan ere, natur eremu horretan dauden basoak, piztiak, xomorroak, habitatak eta abar babestu beharrean kaltetzen baditugu, alferrik izen ponpoxoak jartzea. Egun, Lekunberrin Naturgy taldeko Nedgia enpresak gasbide bat eraiki nahi du Irurtzuneraino bertaraino. Horretarako, 8 metroko zabalera duen korridore bat zabaldu behar dute 15 kilometrotan zehar. Horietatik herena Etxeberri eta Lekunberri artean dagoen Babes Bereziko Eremutik pasatzen da, eta kontuan hartuta 6.000 zuhaitz baino gehiago bota behar direla, sekulako kalteak eragingo ditu hango faunan eta landaretzan. Jakin gabe zenbateko eragina izango duen hango leizeetan, iturrietan eta bestelako monumentu megalitikoetan. Ulergaitza da zergatik tematu den enpresa gasbidea eremu hartatik pasatzen, Lekunberritik Irurtzunera, Plazaolako trenbidea bidea zabalduta dagoenean eta bide hori erabil daitekeenean naturan beste kalterik eragiteke. Badirudi natur lurrak behar ez ditugun bitartean Babes Bereziko Eremu aitortzearekin ahoa hitz politez betetzeko erabiltzen dugula, baina, itxuraz, poligono industrial batera eramateko behar ditugunean etorkizunari kasu handirik egin gabe… gasbidea pasatzen dugu. Itxurakeriarik ez, mesedez!

Dena den, orokorrean, bada egin beharreko beste hausnarketa bat ere. Ikusita mundu mailan 2030erako klimaren aldetik datozen erronkak, erregai fosilak alde batera lagatzeko eta energia iturri garbiak erabiltzeko, gasa al da dugun aukera bakarra Nedgia enpresak behar duen jarduera martxan jartzeko? Noiz arte erabili ahalko da gas-iturria? Sinistuta nago gure gurasoen gutxiagorekin pozik bizi izan ziren moduan guk ere, ez daukagun gasa erabili beharrean bertan ditugun baliabideak erabilita, gure arbasoek egin bezala eta burmuinari eraginda aurre egin ahalko diegula etorkizuneko proiektu berriei ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak