Baserritarrek be ondo baino hobeto ezagutzen dabe santutegi katoliko guztia, horren arabera ereitten dittuztelako haziak eta uzta jasotzen dabelako, baitta fruta heltzen den sasoian jasotakoei izena emoteko: sanjuan sagarra, santiago sagarrak, sanbartolome okarana…
Baina gizartean hainbat ospakizun antolatzen dittugu erlijioarekin zerikusia dabenak; hauek ez dira inposatzen doskuelako, ez, guk halaxe programatzen dittugulako baino. Sekula ez dot ulertu zergatik futbolean Athletixa doian Begoñako Amarengana, Reala Arantzazuko Amarengana, Alaves... Osasuna... Eibar… ez dakit nongo amarengana hurrengo denboraldietako helburuak bete daittezela eskatzera. Beraz, oinddio gure pentsamenduan erlijioa dogu sustengatzailea. Gaur egun medioak gure pentsamendua etengabe moldatzen dabenean eta euren intereseko gaietan berbetan jartzen gaittuztenean, estimatzekoa litzateke futbol elkarteak horrelako programazioetan gure kulturan galtzear dauden ospakizunak planteatzea, euren hurrengo denboraldiko helburuak zabaltzeko. Edo helburu berdinarekin gizarteak dituen premiak bistaratzeko erabiltzea; kamiseta berriak aurkezteko eskolak edo ospitale publikoak erabiltzea; askotan, imajinazio kontua da: betik berdina egin beharrean, aldatu eta gizarteari sorpresa txikiak eskaintzea.
Aurten lehen aldiz, Elkanoren mundu bira dela-eta, santu bati lekua kendu eta jaia ospatu dugu; egin dena ondo dago, baina euskal kulturari, euskarari, naturari, itsasoari edo… gizarteko beste edozein gairi lotuta makina bat ospakizun antolatu ditzakegu, pittinka gizarteko pentsamendua laikotzeko helburuarekin.