Zero kilometrokoak

Erabiltzailearen aurpegia Anaje Narbaiza 2022ko ots. 25a, 07:24

Pertsona orok bere bizitzan zehar fase ezberdin asko pasatzen ditu: eskola garaia, harremanak zabaltzea, bizimodua eratzea, familia osatzea eta hortik aurrera erretiroa hartzea eta pozik bizi izaten jarraitzea.

Ibilbide profesionala amaitzera doanean sekula baino argiago ikusten dugu zelako garrantzia duen gertuko ekonomia suspertzeak eta gure ondorengoek bizimodua ateratzeko behar dituzten lanpostuak sortzeak. Geroz eta balio handiagoa du kapital horren kontrola Euskal Herrian edukitzeak, eta ez ezagutu ere egiten ez dugun zerbaiten eskuetan lagatzeak; ezin da-eta norbaiten eskuetan esan. Dena baitago deshumanizatuta.

Gaur egun, dena da eszenan jartzea eta iritzia sortzea, film bat balitz bezala, eta duen sinesgarritasunaren arabera munduko burtsak, Ibex35, Nasdaq, Nikkei... dantzan jartzea. Dantza horrek irabaziak utziko dituelakoan sortutako eszenaren arabera. Aukera hori baino sinesgarriagoa da komunitate berean bizi garenon bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak diren zero kilometroko enpresak osatzen dituzten aldeek norabide batean lanean jartzea eta harremanak konfiantzan oinarritzea. Enpresak bi alde balira bezala ulertzen ditugu: alde soziala langileen interesak defendatzeko eta alde enpresariala enpresarenak.

Iruditzen zait etorkizunari begira barneratu behar dugula ez direla bi alde, alde bat osatzen dutela eta helburu bakarra izan behar dutela: enpresen osasuna –langileena eta enpresarena– bermatzea. Euskal Herrian auzolanaren oinarrizko esanahiari heldu behar genioke orain arte bi alde horien harremanak errazteko eta alde bakarrera itzultzeko. Auzolana tresna ezaguna dugu, zero kilometroko enpresa osatzen dugun pertsona guztiok zeregina dugu enpresaren osasuna mantentzeko. Horrela, Euskal Herriko kapitala duten enpresak defendatuko ditugu, eta bertan lanean ari diren langileak ere bai, ondorengoen bizimodua ateratzeko aukerak indartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak