Etxehurrengoa, etxe

Erabiltzailearen aurpegia Anaje Narbaiza 2021ko eka. 4a, 00:00

Bizitza bizkor pasatzen ei da; hala entzun dogu etxian. Baina adinez aurrera joan ahala gorputza zahartu egiten bada ere, burua gaztetu egiten da.

Gazte denborara begiratzen badot, baserrian lan asko zegoela gogoratzen dot; lanak ez zeukan akaberarik, baina artajorran egindako orduen poza geratu zait betiko gordeta, irudi horren inguruan dauzkat gure etxian falta diren ama, aita, amandria eta aittajuna.

Gainera, etxeko atiak betik zabalik zeuden; gure etxetik etxehurrengora ez zegoen isturarik edo erromararik, elkar lagundu behar genuen aurrera egiteko. Etxehurrengoa etxea bezelaxe zaintzen zen, ez zegoen ondo egoterik etxehurrengoa gaizki bazan. Egungo eredu indibidualistak ez dosku, ez, poz gehiago ematen, eta gure arteko erromarak eta isturak sendotu egiten ditu. Etxehurrengoaren konfiantza galdu egin da eta denok gara lapurren beldur, ez daukagu sosegurik; azkenean, etxehurrengoa ere lapur bihurtzen dogu.

Pozik sentitzen naiz hura ezagutzeko eta bizi izateko aukera izan nuelako; izan ere, etorkizunerako eredua hautatzerakoan ez daukat zalantzarik nora begiratu behar dudan. Ez da zerbait birtuala edo fikziozkoa, ezagutu dot.

Baserritik atera eta industriara salto egin nuen, ezin dot esan sekula damutu naizenik, Euskal Herriko jabegoa duen enpresa batean eman ditut berrogeitaka urte eta bizimodu duina izan dot, enpresa hazten ikusi dot, emakume bakarrenetakoa izatetik emakumeen presentzia areagotu egin da eta aldaketa horren lekuko izateak pozez betetzen nau.

Baina seguru nago bere egunean, baserritarra izatia bakarrik lanarekin lotu beharrean askatasunarekin lotu bagenu eta lehen sektorearen politika hurbilak eta eredu jasangarrientzat laguntza sareak sortu izan bagenitu, egungo zenbait baserri hutsek zutik eta bizirik iraungo zutela, eta indargabetu dugun eredu ekonomiko jasangarria berreskuratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak