Dibertsitatea vs globala

Erabiltzailearen aurpegia Anaje Narbaiza 2020ko ira. 25a, 00:00

Sekula, bertako haziek duten garrantzian erreparatzeke nengoen, baina une honetan bizi dugun egoerak horretan pentsatzera eraman nau. Globalizazioa versus dibertsitatea: egun, gure komertzioetan edozein tokitako elikagaiak aurkitu ditzakegu, eta, gehienetan, bertakoak baino merkeago.

Iruditzen zait gizarteak aurrerapauso bat eman duela, geroz eta kontzientzia handiagoa dagoela eta gertukoa erostea sasoi batean baino gehiago baloratzen dela.

Baina haziak berdindu egin dira mundu guztian, globalak dira; adibidez, golden, fuji edo gala sagarrak mundu guztian hartzen dira; baina non daude hemengo zapore goxoak zituzten hazi haiek? Urdin sagarrak, neguko madariak… babarrunak, artoa… horien haziak bazter ezkutuetan baino ez dira geratzen eta inor gutxik ezagutzen ditu.

FAOk 2016an ohartarazi zuen azken mendean mundu guztian zegoen dibertsitate genetikoaren %75 galdu zela eta ez bazen neurririk hartzen ezingo dela segurtatu munduan bizi garenon elikadura, ezta nekazaritzarena ere. Larritasuna ikusita, FAOk hazien biltegi lokalak sustatu zituen, eta, horrela, Neiker-Teknaliak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta gizartean sortutako kezkak eraginda, Euskal Herriko Hazien Sareak… hazi-biltegiak dituzte. 100 urtetik honantz bildu direnak jasotzen dituzte, identifikatu, klasifikatu, berritu eta gizartearen esku jarri.

Gure baratzeetan hemengo barietateak jartzea eta haziak zaintzea baloratu behar dugu; dendara goazenean, ez dugu itxura baloratu behar, badakigu hemengo tomateek ez dutela itxura polita izango, baina jakin behar dugu gure lurretan eman ziren pataten, tomateen, piperren… balio genetikoa oso handia dela, eta etorkizunari begira haziak berreskuratzea, etorkizuneko nekazaritzaren bermerik onena eta elikagaietan dependentziarik ez izatea independentziarako ezinbesteko urratsa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak