Kulturaren sorpresak

Erabiltzailearen aurpegia Anaje Narbaiza 2018ko uzt. 27a, 07:35

Futboleko azken mundialak utzi digun irudietariko bat, zalantza barik, japoniar taldeko zaleek nola garbitzen eta biltzen zituzten futbol zelaian geratu ziren hondakinak, oso kanporaketa mingarria jasan ondoren.

Bestetik, jokalariek eurek aldageletan ohar bat utzi zuten eskerrak ematen antolakuntzari, eta, zaleek bezala, dena jasota utzi zuten. Jakin nahi nuke nola geratu ziren beste hainbat selekziok erabilitako aldagelak. Ez dago zalantzarik heziketari, adeitasunari eta urrats ekologikoaren kontzientziari dagokionez japoniarrak oso aurreratuta daudela inguru honetan ikusten ohituta gaudenekin. Izan ere, urrutira joan gabe, Euskal Herriko hainbat jaitan ikusiko ditugu kaleak alkohol lokatzetan blai, edo kale bazterrak pixa-errekadaz hornituta eta hainbat tona zabor bertan pilatuta. Japoniara itzulita, 1923an Kantoko lurrikara jasan zuten, Richter eskalan 7.8koa. Tokio, Yokohama eta inguruak suntsitu zituen; 100.000 pertsona baino gehiago hil ziren.

Japoniara joan ziren kazetariak gertatutakoaren berri emateko harrituta geratu ziren bizirik geratu ziren bizilagunen jarrerarengatik, eta horrela islatzen da beraien kroniketan. Dena galduta zuten, ondarea, etxea, eta senitartekoak, baina ez zen kexa bakar bat entzuten, eta estoikoki hondakinak jaso eta berreraikitzeari ekin zioten.

Baina mundua ez da perfektua, eta, galdutakoa berreraikitzeko sortu zen mugimendu sozialarekin batera, bandalismoari lotutako mugimendua sortu zen. Iturriko ura nahastuta eta zikina zetorren, lurraren mugimenduak eraginda, eta horren harira honako zurrumurru hau zabaldu zen, atzerritarrek, txinatarrek eta korearrek, batez ere, ura pozoitu zutela eta lapurreten errudunak zirela. Zaintza patruilak antolatu ziren, eta prestaturiko hitz-jokoa ondo ahoskatzen ez zuten pertsonek korear moduan sailkatzen zituzten eta ondoren hiltzeraino kolpatu. 6.000 hilketa inguru izan ziren, nahasmena baliatuz hainbat lider sozialista eta anarkista barne.

Ez da erraza lezioa, ez. Gizakia oso konplexua da, eta antzinako kultura fin eta dotorearen jabe izateak ez du saihesten, noizbehinka, gizakiak bere barnean gordeta daraman izate irrazional eta basatia kanpora ateratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak