Gure etxeen mugak

Gure etxebizitzetako mugak ondo ezagutu ditugu azken hilabeteetan. Batek baino gehiagok zirriborratuko zituen distribuzio plano berriak, erabakiko zuen hormaren bat eraistea, balkoia nola-hala handitzea edo, horma zulatuz, beti eguteran legokeen leihoa zabaltzea.

Hausnarketa, kritika eta proposamen ugari egin izan dira, azken urteetan, etxe barneko banaketei eta etxe kanpoko espazioei buruz.

90eko hamarkadan, FrauenWerk-Stadt izeneko proiektua garatu zuten Vienan, 359 etxebizitza eta ekipamendu ezberdinak eraikitzeko; haur-eskola, dendak eta osasun zentroa, besteak beste. Ordura arte ez bezala, lantalde teknikoa emakumeek osatu zuten, emakume arkitekto eta hirigileek. Zaintza eta segurtasuna hartu zituzten ardatz eta etxe barneko guneek zuten hierarkia ere mahaigaineratu zuten.

Garbitokiak eta sukaldeak zoko ilunetik atera eta erdigunean kokatu zituzten, kanpoko patio edo jolas lekuetara begira eta argi naturala bermatuz. Etxeko lanak agerian jarri eta era atseginagoan burutzea eta errazago partekatu ahal izatea lortu nahi zuten. Balkoiak diseinatu zituzten etxebizitzentzat eta teilatuetan terrazak, arropak zintzilikatzeko eta bizilagunentzat elkartzeko leku izan zitezen.

Segurtasuna ere bermatu nahi zuten, ezagutzen zutenez, identifika baitzezaketen beldurra.

Forma biribileko egitura irekia eta argi naturala zuten garajeak proiektatu zituzten, eta baita arrisku-gunerik gabeko atari gardenak ere. Bizikletak eta haur-kotxeak gordetzeko lokalak beheko solairuan kokatu zituzten, sotoan beharrean.

Barne banaketa malguagoak diseinatu zituzten, etxebizitzak moldatu zitezen bizitzako fase ezberdinetara, eta ez alderantziz.

Hori 90eko hamarkadan, Vienan. Azken hilabeteetan, hemen, ikusi dugu, oraindik ere, muga asko ezartzen dizkigutela etxebizitzek.

 

 Egin zaitez Goiena Klubeko bazkide eta jaso 'Puntua' astero etxean

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak