Baserria

Askorentzat ez da amaraun, lasto, oroitzapen eta trastez betetako eraikin zahar bat besterik.

Gustura eraitsiko lituzkete eta hormigoizko egituradun txaletak eraiki. Edo eraberritzekotan hormigoizko egiturarekin, modernoagoa egin.

Ezagutu dudan azkeneko baserriak aho laukia dauka, egurrezko balkoi-sudurra, begi lotsatiak eta masailak adreilu kolorez gorrituak. Adinaren zimurrak nabari zaizkio baina, batez ere, urte luzez bakarrik bizi izanaren zauriak.

Eraberritzeko eskatu zigun, hezurtzat zituen 500 urtetako egurrezko habe eta zutabeak sendatzeko, erreuma baino sortzen ez zion hezetasuna kentzeko eta mesedez, zauriak ixteko. Ebakuntza ohean etzan genuen orduan eta poliki sartu genion bisturia. Segituan agertu ziren egurrezko mamuak. Errenazimendu garaiko zutoin eta jabaloiak. XVII mendeko arotzen teknikak eta harlandu barroko dotoreetan harginek zizelkaturiko sinadurak. Andere jakintsuegia zen hiltzen uzteko. Baliotsuegia desagertzen uzteko. Baina ez bera bakarrik, baserri guztiek baitute aurpegia eta barrura sartu orduko, errenazimendu garaira eramango gaituen egitura izan dezakete, gotikoa dela eta agerian uzteko eskatu nahi digun estalitako leihoren bat edo 300 urtez geldi-geldi egon diren arku barrokoak.

Bisturia barrurago sartuz gero, XII menderainoko bidea ere erakutsi diezagukete, Besoitaormaetxea baserriak bezalaxe; harri eta egurrezko orriak dituzten historia liburu baliotsuak baitira baserriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak