Babesa, sarean eta kalean. Babesak eta beharrak azkenaldian izaten ari naizen elkarrizketen zati handi bat hartzen dute, eta ez dut uste kasualitatea denik.
Askotan entzuten dugu gero eta gizarte indibidualistago batean bizi garela, eta, hein batean, ados nago. Hala ere, uste dut gero eta gehiago behar dugula ingurukoen babesa, eta horrek kolektiboan antolatzera eraman beharko gintuzkeen arren, kolektiboan gaudenean ere indibidualismora jotzen dugu.
Euskal Herrian ohikoak diren kuadrillak jartzen ditut adibidetzat. Kuadrillan guztion lagunak gara eta dena super polita da kolektiboan –hori kanpotik ikusten da, behintzat–. Baina ez da beti horrela; kolektibotasun horretan, indibidualismoa nagusi da. Oso ondo dago kuadrillako baten lorpenengatik poztea eta primeran ari dela esatea, baina noiz joaten gara gure lagunen hitzaldi, aurkezpen, tailer edo karreretara? Noiz zabaltzen eta komentatzen ditugu gure lagunek sarean egiten dituzten bideoak?
Ez dut uste lagun sortzaileak babestea eta haien lanak zabaltzea zein haiek ikustera joatea esfortzu handiegia denik. Elkar zaintzen eta babesten ez badugu, ez dugu sekula lortuko kolektiboan antolatzea.