Euskaraz

Azkenaldian askotan gertatzen ari zaidan egoera bat plazaratu nahi dut.

Euskararen inguruko egoera bat, eta ez, ez da Euskararen Eguna datorrelako. Kontua da, igual, agian, apika, zuetako askorentzat normala izango dela Euskal Herriko tabernetan hiru, lau edo bost kantu espainolez jarraian entzun eta dantzatzea. Niretzat, ez. Igual, agian, apika, arraroa izango naiz.

Tabernak diodanean, ez naiz ari edozein tabernaz; hiriburuetako antroetatik hasi eta gure herriko taberna edo arranoetaraino sartzen diren horiez guztiez ari naiz. Kontsumitzeko taberna baten bila ari garenean, "hori taberna euskalduna da" esan ohi dugu, baina zertaz ari gara? Bertan lanean diharduten tabernariek euskaraz dakitela? Arrano beltza eta ikurrina dituztela eskegita? Euskarazko edukien aldeko apustua egiten dutela? Hainbat dira bururatzen zaizkidan zalantzak eta kezkak, baina, igual, agian, apika, niri bakarrik etortzen zaizkit.

Gaur-gaurkoz, edozein genero musikaletan euskarazko sorkuntza desberdin pila bat aurki ditzakegu, batzuk gure gustukoak izango direnak eta beste batzuk ez; baina uste dut guri, euskaldun bezala, dagokigula euskarazko musika entzun, zaindu eta zabaltzea. Guri, bai, euskaldunok hori egin ezean ez duelako inork egingo.

Horrekin guztiarekin ez naiz ari esaten ezin denik erdarazko edo ingelesezko musikarik entzun eta gozatu, baizik eta euskararen aldeko apustua egiten dugunean kontuan hartu beharreko faktore asko daudela; esate baterako, euskararen erabileraren normalizazioa sustatu nahi dugula, euskal kulturaren aldeko apustua egiten dugula edota herriko artistei haien lana entzuteko espazio bat eskaintzea. Euskal Herrian euskaraz bizi eta aritzeko elkargune eta arnasgunerik ez badugu, igual, agian, apika, laster ezingo gara gure lurraldean euskaraz bizi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak