Bermatzen da gazteon zaintza?

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Gonzalez Valle 2024ko mar. 22a, 00:00

Zaintza izan da azken hilabeteotako gai nagusietako bat.

Sistema zisheteropatriarkal honetan emakume, bollera edo trans bezala sozializatuta egoteak zaintzailearen papera ezarri digulako. Egoera horretan gazte izateak ere gurutzatzen gaituen zapalkuntza bat da.

Ez da gauza berria gazteon osasun mentala; hala ere, azkenaldian gertatu den gaixotasun mentalen gorakada azpimarratu beharreko zerbait da. Ez da arazo koiuntural bat soilik; gure bizitzak guztiz prekarizatuta daude eta zaila da etorkizun hobea irudikatzea, ez delako zaintza bermatzen.

Hezkuntza eredu honetan heziak izanda, gaur egun ezin dugu bermatu jasotzen dugun hezkuntza duina, feminista, euskalduna eta burujabea izango denik, sarbidea ordainpekoa izanda ere. Hezkuntzan ere ez delako zaintza bermatzen.

Jakina da berehalakotasunaren beharra duen gizarte batean bizi garela eta horrek datorkiguna zalantzan jarri gabe onartzera eta erreproduzitzera garamatzala; hau da, indibidualistak izatera, kontsumistak... Sare komunitarioen beharra dugu joera horiek ekiditeko eta zaintzaren ulerkera berrasmatzeko.

Etengabeko krisian bizi garen honetan, oso gutxi dira etxebizitza duin baterako sarbidea duten pertsonak. Argi dago etxebizitza denon eskubide izaten uzten ez digutenak enpresak eta instituzioak direla. Etxebizitzaren esparruan ere ez delako zaintza bermatzen.

Gazteok gure kabuz ekonomikoki sostengatu ahal izateko lortzen ditugun enpleguak prekarioak izaten dira, gehienetan, eta horrelako enpleguek ez digute uzten bizi baldintza duinak izaten. Gainera, ez dugunez izaten lan-esperientziarik, are gehiago prekarizatzeko zein esplotaziorako bide izaten dira. Lan munduan ere ez delako zaintza bermatzen.

Guztion bizitzak erdigunera ekarri, haurrenak eta gazteonak ere bai, eta zaintza sistema publiko komunitario baten alde egin behar dugu, bizi baldintza duinak izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak