Komunetan

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Gonzalez Valle 2023ko eka. 30a, 00:00

Herriko jaiak, jaialdiak, egun-pasak, hondartzara irteerak, ekitaldiak… guztiek daukate zerbait amankomunean.

Ez, euskaldunon estereotipo bat bada ere, ez da alkohola. Komunak dira.

Amankomunean ditugun arren ez dira komunak; hau da, ez dira guztiontzat. Beraz, ez dira komunak. Komun komunak ez, behintzat. Eskerrak gaur egun geroz eta leku gehiagotan guztiontzat komun berak dauden.

Generoarengatik desberdinduta dauden komunez gain, badaude bestelako bazterketak egiten dituzten komunak, baina gaur ez dut komun mota guztiez hitz egin nahi. Komunez hitz egin nahi dut azkenaldian daukadan kezka bat zuekin partekatzeko.

Etxetik kanpo eguna pasatzen dugunean etxekoak ez diren komunak erabili behar ditugu, eta horrek mota askotako komunak ezagutzera eramaten gaitu. Tamaina eta garbitasun maila alde batera utzita, nire arazoa komun barruan iturririk ez egotea da.

Badakit komun barruan iturri bat jartzeak leku asko kentzen duela, eta kanpoan iturri komun bakar bat izatearekin nahikoa izan daitekeela, baina niretzat, eta uste dut emakumezko askorentzako ere, askoz erosoagoa da.

Demagun etxetik kanpo zaudela, hilekoarekin, eta tanpoia edo dena delakoa aldatu behar duzula. Komun barruan iturri bat izanda, kopa hustu eta garbitu dezakezu berriz jarri aurretik eta tanpoia edo dena delakoa aldatu ostean ere eskuak garbitu ditzakezu kuleroak eta prakak igo baino lehen.

Egia da taberna batean arazo edo kezka horri konponbidea topatzea askoz errazagoa dela jaietarako alokatzen diren komun publikoetan baino, baina, hala ere, uste dut horrelako lekuetako komunetako higienea hobetzeko asko egin daitekeela; esaterako, komun indibidualak beharrean trailerrak alokatzen edo komunetan bertan zakar-poltsak jartzen.

Ez dakit zein den konponbide zehatza; beharbada, ez dago, baina horrek nire kezka zabaldu eta beste batzuek horren inguruan hausnartzeko balio badu, ni pozik!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak