10: Primoz Roglic: Itzuliko onena. Erlojupekoko nagusitasuna baliatu du Pogacar bere atzetik mantentzeko, eta azken eguneko pultsuan garaile izan zen. Taktikoki, fisikoki eta mentalki. Tourreko arantzatxoa kendu du, neurri batean. Txirrindulari txapeldunen jarrera erakutsi du, gainera, azken etapan David Gaudu-rekin etapa garaipena partekatuz, eta taldeari presioa kenduz Erlaitzen gora egin zuten akatsagatik. Profesional handia, atzo eguna esnatzearekin bat Tourreko azken erlojupekoa ikuskatzen ari zen Bordelen.
9: Astana taldea: Bi etapa garaipen bikain, Alex Aranburu eta Ion Izagirrerekin. Arriskuari arriskua hartuz, nekez ahaztuko zaizkigu Aranbururen jaitsierak Urkaregin eta Elosun, motorrak jan beharrean, bizi arriskuan. Aspaldian Euskal Herriak izan ez duen klasiko zale petoa bilaka liteke Ezkiokoa.
8: Jumbo Visma taldea: Egurra jaso zuen osteguneko etapan, Erlaitzen gora UAEko McNulty-ri hanka egiten uzteagatik, eta aurrean zihoan Vingegaard ez geratzeagatik. Baina danimarkarra bigarren izan da ondoren nagusian, eta azken etapan Arrate Pogacarrekin batera igota. Azken etapan Vingegaard-ek berak eta Tolhoek-ek izan zuten jarrera, txalotzeko modukoa. Bi horien izenak nola esaten diren ere ikasi dugu Xabier Usabiagari esker: Vineko eta Toliyek.
7: Roberto Laiseka: Itzuliko ibilbideen arduraduna da txirrindulari ohia, eta bete-betean asmatu duela esan behar. Bilboko erlojupeko polita, Arbeltzagako igoera itxia, Ermualde, Erlaitz, Arrateko etapa laburra baina gogorra, 3.500 metroko desnibel pilaketarekin 111 kilometrotan… Etorkizunari begira Ipar Euskal Herrian sartzeko asmoa gauzatu beharko litzateke, Pirinioetan barrena etaparen bat antolatzea. Horretarako, baina, sosak dituztenen borondatea behar da. Laisekak eta Itzuliko antolatzaileek borondatea, eduki, badute.
6: Tadej Pogacar: Etorkizunak berea izan behar luke. Ermualdeko pultsua irabazi zion Roglic herrikideari, baina azken etapan akatsa egin zuen, Gorlako jaitsieran egon behar zuen tokian egon ez zenean. Izaera eta nortasun erakustaldia eman zuen, dena den, azken 50 kilometroetan jazarpen lasterketa batean murgilduta, bakar-bakarrik ia-ia.
5: Deceuninq-Quick Step taldea: Zer egin zuten Ondarruko etapan… Tropeleko talde onenaren eskura bakarrik dagoen balentria. Sei laguneko ihesaldian bi lagun sartu, eta taldeko biak bakarrik iritsi helmugara, Honore eta Cerny. Wolfpack!
4: Euskaltel-Euskadi eta Caja Rural taldeak: Lan zaila zuten, World Tour mailako taldeak oso indartsuak direlako. Ihesaldi pare bat, eta presentzia apur bat Ondarruko etapan, jazarpen lanean.
3: Movistar taldea: Valverde hirugarren helmugaratu zen Arraten, baina hori uzta eskasa da azken hamarkadako txirrindulari onenetakoarentzat. Movistarren taktika ere… Arbeltzagan ihesaldia lehertu zuten, Valverderengan pentsatuz, baina espainiarra ondoren ez zen garaipenaren jokoan sartu ere egin. Arrateko etapan ere deigarria izan zen Valverdek Pogacarri jazarpenean laguntzarik ez ematea. Lagundu izan balio akaso Roglic harrapatu eta etapa irabazteko jokoan sartuko zen. Erein gabeko uztarik ez da lortzen, normalean.
2: Mikel Landa: Aurrerago behar zuen, podiumetik askoz gertuago. Are gehiago Bilboko erlojupekoan txukun aritu ostean. Ermualden nahi eta zin, Erlaitzen gora ere jo zuen, baina hautsi gabe. Garbi dago Roglic eta Pogacar beste maila batean daudela, baina Krabelinaitz-en gora Gaudu eta Carthyren pare egon behar zuen Murgiakoak. Zortzigarren azkenean nagusian, emaitza ona ez.
1: UAE-Emirates eta Josean Fernandez Matxin: Basaurikoa kirol zuzendari trebea da, baina akats handia egin zuen Gorlan behera… Berak, edo bere txirrindulariek, ezin jakin. Pentsatzekoa da Matxinena dela akatsa, Pogacar eta McNulty ez direlako, preseski, Azkoiti eta Bergara arteko mendialdean jaiotakoak. Akats larria izan zen, han erabaki zelako Itzulia. Ez zuen garaiz erreakzionatu, McNulty ez zuen lanean jarri Pogacarrekin batera Soraluzeko saihesbidean, eta Arizonakoek pott egin eta Pogacarri aurrera egiteko esan zionerako berandu zen. Akats taktiko larria.
0: Hondakinen arazoa. Txirrindulariak ikusi ditugu ur potoak husten pisua arintzeko, ertzera ez botatzeko, zaborra utzi behar zen tokian jabetu ez zirelako. Arazo handia da hori, gune berezi horiek zaborrez bete eta garbitzen ez badira. Nork garbitu behar dituen eztabaida sortu da. Antolatzaileak? Akaso bai, baina garbitu egin behar da. Zikloturistok gure zaborra etxera ekartzen dugu, edo herriren bateko zabor ontziren batean bota. Deigarria izan zen Roglicek Arrateko azken igoeran gel eta barratxo paper bilgarriak ere lurrera bota behar izatea. Hainbesteko oztopoa al dira 20 gramo? Irtenbideren bat bilatu beharko da, eta honatx proposamena. Zabor poltsak daramatzaten motorrak jartzea ibilbidean.