Euskal Herriko Itzulia, hastear: etxetik gertu, etxekoekin, etxeko errepideetan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko api. 5a, 13:15

Roglic eta Pogacar dira faboritoak txapela janzteko; euskaldunen artean, Ion Izagirre eta Mikel Landa. 

Pandemiak eragindako urtebeteko hutsune behartuarekin, bueltan da Euskal Herriko Itzulia. Ordubete eskas abiatuko da Bilbon, 13.9 kilometroko erlojupekoarekin, eta Euskaltel-Euskadi taldeko Mikel Bizkarra mañaritarra abiatzen lehena dela. Horixe 2021eko itzuliko nobedade garrantzitsuenetakoa, talde laranja euskal errepideetan bueltan izanen dela zortzi urteko hutsune luzearen ostean. Ikuskizun Jorge Azanzak gidatzen duen zazpikoak ze neurri emango duen, baina oso litekeena da egunez egun borrokan ikustea, ihesaldia bilatzen, sailkapen nagusiari begira ez baitute lider sendorik. Are gutxiago lehen etapa ikusita, erlojupekoan minututik gora galdu baitezakete taldeko kide guztiek. Azaznzaren zazpikoan dago eskualdeko txirrindulari bakarra, Mikel Iturria urnietarra. Ihesaldietan saiatuko da Iturria, eta begiz jota du, noski, laugarren etapa, Gasteizen hasi eta Hondarribian bukatuko dena, tropela Andoain eta Urnietatik pasako baita arratseko laurak inguruan. Caja Rural eta Kern Pharma talde nafarrak ere irteeran izanen dira, World Tour mailako talde guztien alboan.


Erakundeek zaleei etxean geratzeko eskatu diete, pilaketak saiheste aldera, baina ziklistak aurrez aurre ikusi nahi duen orok ez du sobera mugitu beharko, Euskadiko txoko askotatik pasako baita tropela. Pandemiaren eraginez, itzulia ez da Nafarroan sartuko aurten, aurreko urteetan bezala. Ipar Euskal Herrira ere ez du bisitarik egingo Itzuliak, antolakuntzak Bidasoa ibaitik iparrera dauden lur eremuak bisitatzeko asmo sendoa badu ere. Lehen etapa Bilbon jokatuko da, 13.9 kilometroko erlojupekoa. Diferentziak egongo dira, gaiztoa baita ibilbidea. Santo Domingo aldapa igo beharko dute txirrindulariek hasi eta berehala, 2.5 kilometro %10eko batezbesteko pendizarekin. Enekurin barrena Udaletxeraino bueltatu, eta azken 300 metroak %13ko aldapa bat gaindituta egin behar dira Etxebarria Parkean. Izen handiak lehen egunetik agertuko dira, batez ere Esloveniako bi morroskoak: Primoz Roglic eta Tadej Pogacar. Tourrean mokoka ibili ziren, irailean, eta orduz geroztik ez dira bata bestearen aurka aritu. Roglic Paris-Niza irabaztear izan zen. Pogacarrek Tirreno-Adriatiko irabazi zuen. Bi horietako batek Arraten txapelik ez janztea ezusteko handia litzateke, baina aurkarien zerrenda aberatsa eta gaiztoa da: Adam Yates Voltako irabazlea, eta Tao Geoghegan Hart taldekide eta Giroko irabazlea. Fulgsang, Valverde, Chaves, Rusty Woods, Carapaz... eta euskaldunak, Ion Izagirre jarduneko garailea eta Mikel Landa murgiarrak gidatuta. Ezbairik gabe, 2021eko lasterketetan orain arte ikusi den parte hartzerik distiratsuena.

 

Bilbon irekiko diren zuloekin lasterketa irekitzea espero da. Denbora galdu duten abentura zaleak mugitzea, eta atzera samar geratu diren oilarrak gehiago arriskatzea. Etapa guztiak dira aproposak saiatzeko. Biharkoak Zalla eta Sestao arteko bidea egingo du, Enkarterriak eta Ezkerraldea eskualdeetan barrena. La Asturiana bigarren mailako mendatea helmugatik 14 kilometrora dago, eta Sestaoko ailegaera ere pikoa da. Hirugarrenak Amurrio izanen du abiapuntu, Araban, eta geografikoki oso gertu dagoen herrian bukatu, Laudion. Laudiko gain batean, egiari zor, eta ez nolanahikoa: Ermualde ermita. Hiru kilometro eskaseko gaina, baina %11 pasako batezbesteko pendiza. Bigarren kilometroak %15.6ko desnibela du, eta %23ko maldatzarrak. Erlojupekoarekin batera, etapa erabakigarriena izan liteke etzikoa. Ostegunekoa Gasteiztik abiatuko da, eta Hondarribian bukatu, Jaizkibel eta Erlaitz tentea igota. Erlaitz gainetik, baina, 23 kilometro luze daude helmugara, akaso gehitxo urruneko erasoren bat bilatzeko. Ostiraleko etapak dirudi esprint batean bukatzeko moduko aproposa, baina ez talde osoarena, Ondarrura bidean hainbat muino daudelako. Azken etapa, azken urtetan gertatu bezala, Arrate gainean bukatuko da, lehenago Azurki eta Krabelin igota. Ordurako agian Itzulia erabakita egon liteke, edo ez. Bi urte atzera azken etapan emandako erakustaldiari esker nagusitu zen Izagirre anaia gazteena. Aurten zergatik ez? 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak