Erlojupekoak Giroan ze garrantzi edukiko duen ikusteko balio izan du Palermoko lehen erlojupeko laburrak. Laburra, 15 kilometro erlojupeko motza delako. Baina a ze aldeak... Ibilbide bihurriagatik, batzuen eta besteen kemenagatik, eta haizeagatik. Azken faktore hori izan da erabakigarriena, bizitu egin delako Nibali, Fulgsang edota Kruswijk abiatzerako, arratseko laurak pasa. Geraint Thomas, Simon Yates edo Aleksandr Vlasov abiatu direnean, ez zen halako haize ufadarik, eta oso errenta politak lortu dituzte. Egin kontu, bestela: Thomas-ek 1.06 sartu dio Nibaliri, lau segundo baino gehiago kilometroko, 1.11 Fulgsang-i, eta are gehiago Kruswijk-i, 1.21. Yates befrak ere atzerapena pilatu du Thomas galestarrarekiko, baina onartzeko moduko atzerapena, 26 segundo.
Etapa garailearen inguruan lore asko. Filippo Ganna zen faborito bakarra, eta aise irabazi du erlojupekoa. Datu benetan esanguratsuekin, Monrealeko katedraletik Palermorainoko jaitsieran 106 kilometroko abiadura hartu baitu. Ineos taldekoek 60 hortzeko plater handia jarri dute, hanka zuztar sendo-sendoak dituztenek bakarrik mugi dezaketen garapena. Beste marka bat. Gannarena da erlojupeko batean inoiz egin den batez-besteko handiena, 58.834 kilometrro orduko. Egia da lau kilometro beherantz zituela erlojupekoak, baina gorantz kilkometro bat ere bai, eta haizea kontra ere sarri. Aukeratuen eskura bakarrik dagoen batez besteko itzela da, ia 59 kilometro orduko hori.
Bihar lehen etapa korrituko da, Sizilia uhartean, hau ere: Alcamo-Agrigento, 150 kilometro gorabeheratsu. Azken lau kilometroek %6ko batez besteko pendiza duta, apuntatu hiru hautagai, etapa garaipenerako: Diego Ulissi, Peter Sagan eta Michael Matthews.