Urteko lasterketa politena, abiatzear: Italiako Giroa

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 2a, 20:00

Nibali.

Ez dauka Tourraren parte hartze distiratsurik, baina hiru itzuli handietan joko gehien ematen duena da, biziena, oso aldakorra, eta zalantzarik gabe, ibilbide ikusgarriena duena; Thomas, Nibali, Simon Yates, Kruswijk eta Fulgsang dira, itxuraz, faboritoak.

Txirrindularitza zale petoa denak zalantza izpirik gabe erantzungo du. Itzuli handiak gustuko badituzu, eta hiruren artean bat hautatzeko eskatzen badizute, Italiako Giroa erantzungo duzue gehienek. Bukatu berri den Tourrean ikusi dugu, kontrola, zaintza, talde indartsuenen diktadurak itsustu egiten dituela etapa asko. Borroka azken mendatera mugatzen dela, eta han ere, etxafuego gutxi... Jakina, neurgailu gisa parte hartzaileen sona, distira hartzen badugu, ez dago eztabaidarik: Tourra beti nagusi, taldeak babesten dituzten enpresek hala nahi dutelako, eta sari ekonomiko mamitsuenak ere Tourrak banatzen dituelako. Baina Giroak aspaldi irabazi zuen Tourrak nekez lortuko duen zerbait: lasterketa bizia, arriskua nonahi, oilarren txakalaldi ikusgarriak, erasoari erasoa, talde handi bat edo biren kontrol falta... Lasterketa irekia da oso, beste inon baino irekiagoa, eta horrek, noski, txirrindularitza ikusgarria errazten du. #Vivailgiro traola ezagun egin du RCS talde antolatzaileak azken urtetan, eta bihar hasiko den Giroan ere hitz horiek esan nahi genituzke, espero bezala gozatzeko moduko lasterketa ikusten bada.

Ibilbideak zerikusi handia dauka ikusgarritasun horretan. Funtsezkoa da. Giroan ez da Tourreko bilakaerarik ematen, non hasieran ihesaldia egiten den, eta akabo, kontatu beharrekoa. Giroan beti daude bukaera bihurriak, ibilbide sigi-sagatsuak, mendate motz pikoak... Tranpatxoak, kaosa, mugimendua sustatzeko, kontrola eta lasaitasunaren kaltean. Sizilian jokatuko diren lehen lau etapak, horren adibide garbi. Bihar 15 kilometroko erlojupeko bat, baina berezia oso: kilometro bat gorantz, sei beherantz, eta zortzi ordekan. Esan nahi da, jaisten ondo moldatzen ez denak jai daukala. Etzi Agrigenton bukatuko da etapa, jokoa emango duen bost kilometroko aldapa etzana, baina esprinterrak bakantzeko nahikoa. Astelehenean Etna mendi magalera igoko da tropela, 1.800 metrora arte. Ia 20 kilometroko malda, eta %6.8ko batez bestekoa. Alegia, justu antzean iritsi dena, edo egun txarra duenak Giroari agur esan diezaiokeela. Siziliako azkena, normalean, esprintean bukatuko da. Denetarik, denentzat.

Datu orokorrei begiratuta, erlojupekoan egingo den distantzia Tourrean baino erabakigarriagoa izan bide da. Lehen eguneko 15, urriaren 17ko erlojupeko luzea (34 kilometro gorabeheratsu), eta Milango azkena, 15.7 kilometro, ziklista denen hanka zuztarrak kemenez huts-hutsak daudela. 65 kilometro, denera, erlojupekoan, baina dauden mendateekin balantza bat egingo bagenu? Ez da erraza, Giroan, tradizioz, mendi asko izaten baita. Eta ez, derrigor, Dolomita edo Alpeetako mendate handi eta luzeak bakarrik. Etna dago astelehenean, Rocarasso hurrengo igandean, urriak 11n, Piancavallo Friuliko mendietan Giroko hirugarren igandean... eta gero azken traka. Zaleon pizgarri, gozagarri, hain ezagun egin diren tappone edo mendi etapa ikusgarriak. Urriaren 21ean Madona di Campiglio herri dotorean bukatuko da etapa, biharamunean Stelvio erregea igoko dute, eta larunbatean Agnello, Izoard eta Sestriere. Hirurak 200 kilometroko etapa luzeak, 60 kilometrotik gorakoak maldan gora, eta pendiz handikoak asko. Indartsuena akabatzeko modukoak. Gehitu horri eguraldiak izan dezakeen eragina, urri bukaeran Alpeak eta Dolomitak erabat zurituta egongo direlako. Litekeena da ibilbideak aldaketak izatea, elurragatik, baina Giroak alternatiba interesgarriak prest omen ditu. Stelvion eta Agnellon elurra ikusi izan dugu lodi orain arte ere, maiatza bukaeran, baina maiatzean udak lehen kikuak eginak izaten ditu goi mendietan, eta urri bukaeran negu beltzak apenas uzten dio zirrikiturik epeltasunari 2.000 metrotik gora.

Ibilbidea xehatuta, nortzuk osatzen dute garaipenerako pokerra? Edo zuzen hitz eginda, repoker-a, bost hautagai baitabiltza aditu gehienen ahotan. Aukera gehien duenetik gutxien duenera, honatx zerrenda hori osatzen duten protagonisten analisia:

  1. Geraint Thomas: Giroko onenetakoa erlojupekoetan, ikuskizun ze motibazio duen INEOS Team-ek Tourretik kanpo utzi ostean. Bi podium ditu Tourrean, bat garaipena, baina hortik kanpo ez du neurri on-onik eman, ez Vueltan, ezta Giroan ere. Aldeko 65 kilometro bakarkako lanean. Kontra, azken asteko etapa menditsuak.
  2. Vincenzo Nibali: 8 parte hartze Giroan, eta sei Top 10ean. Bi Giro irabazi ditu, baina 35 urterekin, agerikoa da bere errendimendua apaltzen hasia dela. Belaunikatzen zaila, jokoa emango du, eta garaipena lortu gabe ere, beste batzuena zailduko du ziur.
  3. Simon Yates: Onena eta txarrena emateko gai. Badaki zer den itzuli handi bat irabaztea, 2018an Vuelta irabazi baitzuen, baina urte horretan bertan bere kirol ibilbideko muturrekorik handiena hartu zuen Col delle Finestren gora, Giroko lider sendoa zela. Sky taldeak eta Froome-ek txikitu egin zuten Yates, eta mundua galdu zuen Jafferau gainean. Irregularra bezain arriskutsua.
  4. Steven Kruswijk: Podiuma Tourrean iaz, laugarren bitan, bana Giroan eta Vueltan. Giroa irabazteko zorian egon zen laugarren egin zuen urtean, 2016an, baina Colle dell'Agnellon behera sekulako muturrekoa hartu zuen elur horma baten aurka, eta saihets bat pitzatu. Tourretik kanpo geratu zen Dauphinen erori ostean, eta aukera ona izan dezake.
  5. Jakob Fulgsang: Ikaragarri ibiltzen da danimarkarra, izan itzuli txikietan, edota klasikoetan, baina itzuli handietan beti dauka baina-ren bat: erorikoak, txakalaldiak... 13 itzuli handi korritu ditu, eta Top 10 bakarra dauka: Tourrean zazpigarren. Urte berezia izaten ari den neurrian, bere aukera izan dezake.

Eta bukatzeko, ezustekoa eman dezaketen hainbat izen: Carl Fredrik Hagen, Sam Oomen, Filippo Ganna, Rohan Dennis edota Aleksandr Vlasov, Errusiako harri bitxi gaztea. Ikaragarri ibili da proba askotan, eta Astanak baimena ematen badio, erne. Bukatzeko, esan lau euskal ordezkari ariko direla lehian Giroan: INEOS-ekin Jonathan Castroviejo, Astanarekin Oscar Rodriguez, Bahrein-ekin Pello Bilbao, eta CCC-rekin Victor de la Parte.

Esandakoa, #Vivailgiro

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak