Iritsi da Tourra. Eta gustura. Ez iristeko arrisku handia baitzegoen, pandemia garaiotan. Nizan hasiko da bihar, bere ohiko datak baino bi hilabete beranduago ia. Baina han dira izar guztiak. Edo gehienak. Ez daudenak euren taldeen erabakiz baitaude Tourretik kanpo. Ineos taldeko Chris Froome eta Geraint Thomas Tourreko garaileez ari gara. Izar konstelazioa, dena den, distiratsua da: Bernal jarduneko garailea, Roglic, Dumoulin, Pinot, Bardet, Carapaz, Lopez, Mikel Landa…
Faborito bi ditu probak: Roglic eta Bernal. Baina biak kakotxekin. Roglic Dauphineko azken aurreko etapan jausi izan ez bazen, ez litzateke eztabaidarik egongo. Faborito bakarra, eta askogatik. Oso nagusi aritu baitzen Tourraren atarian jokatzen den astebeteko itzuli horretan. Baina jausi egin zen, eta proba utzi, liderra zenean. Guztiz osatu ez dela zabaldu du bere bikoteak, baina ezin jakin zer den egia eta zer ez. Egia da Bernal iazko garailea ere ez dabilela hegan. Okzitaniako Tourrean txistu batean, Dauphinen Jumbo Vistaren diktadurari aurre egin ezinik. Eta bizkarreko minak jota, kolonbiarra ere etxera Dauphinen.
Lider horiek bezala beste asko. Ziurgabetasuna eragin du pandemiak. Errekuperazioan zalantzak. Denboraldia hiru hilabetera mugatuko baita. Eta hor, noski, hartutako pasarei buelta emateko tarte txikia dago. Denek egin dute kale: Pinotek, Lopezek, Carapazek… Baita Mikel Landak ere, Dauphineko azken etapan ere, karranpen erruz. Tourra honek edo besteak irabaziko duela asmatzen duena, aberats.
Eta pandemiaren garai beltz hauetan, ASOk aurrez prestatutako ibilbideari eutsi dio. Adjektiboak bukatuko zaizkigu Grande Boucle lasterketa ezaguneko ibilbidea definitzeko: gogorra, gaiztoa, menditsua, bihurria… Konparaketa batekin hobeto ulertzen da egoera. Tourra Giroaz mozorrotu da. Italiako Itzuliaren aldapa pikoak bere egin nahi izan ditu, eta mendiari eman nahi izan dio protagonismo osoa, bakarkako erlojupekoen kaltetan. Bakarra egongo baita, eta Tourra bukatu bezperan. Hori ere, gainera, kronoigoera da, La Planches des Belles Filles tentean bukatuko baita, Vosgues eskualde menditsuan.
Datu bat, gogortasuna ulertzeko. Tourrak %9ko pendiza gainditu, edo gertu dauden 70 kilometro ditu hiru astetan. Astakeria, Tourreko ibilbidea ez baita hain tentea izaten. Astez aste dago zerbait, gainera. Etzi, igandez, lasterketako bigarren egunean, Turini eta Colmiane gaiztoak. Asteazkenean Mont Aigoual Erdikaldeko Mendikatean. Larunbat eta igandean Pirinioak, eta Zuberoa eta Biarno arteko sei kilometro eskas, igandean, Issarbe eta Soudet mendateen artean.
Bigarren astean Puy Mary Erdikaldeko Mendikatean eta Grand Colombier, bigarren atseden egunaren atarian, eta azken astean sekulako mendi betekada. 12 mendate Alpeetan hara eta hona, horietatik hiru maila berezikoak, eta beste hiru lehen mailakoak. Justu karreristak muga-mugan joango direnerako.
Hauek atariko osagaiak. Egin zuen menua, eta zalantzak badituzue, irakurri egunero Aiurriko kronika web gunean, etapa bukatu eta gutxira. Tourra sakratua baita!