Amets Arzalluzek San Mames Barriaren kanpoaldean euskal derbiaren harira botatako bertsoa da honako hau. Ez zaio arrazoirik falta Ametsi: Athleticen euskal herritarrak dira jokalari guztiak, baina, gutxi gorabehera, erdiek edo gutxiagok jakingo dute euskaraz. Reala ere ez pentsa harrotzeko moduan dagoenik. Urtetik urtera atzerritar gehiago ekartzen ari da eta, ondorioz, euskaldunen kopuruak ere nabarmen egin du behera. Egia esan, aspertuta nago probintzianismo kutsuko lehia antzuekin. Guk denak etxekoak, gu euskaldunagoak gara, guk titulu gehiago, guk harrobi hobea dugu... A-8aren bi aldeetako miseriak.
Nahiago dut Iribar eta Kortabarria 1976an Atotxa zaharrean ikurrina eskuetan zutela irten zireneko euskal derbietako giroa eta izpiritua. Ordudanik, baina, asko aldatu da futbola eta euskal gizartea.
Reale Seguros Stadiumen jokatuko den hurrengo euskal derbian ere ziur berriz errepikatuko direla oraingo pike eta eztabaida antzuak.
Futbolarekin alderatuz gurago dut txirrindularitzan sortzen den giroa. Sanoagoa da, ez dago horrelako ezinikusirik zaleen artean. Errepide izkinara txirrindulariak ikustera joaten den euskal zaleak ziklista guztiak animatzen ditu. Hasi lehenengotik eta azkeneraino. Eta animo horien babesean erretiratu zen Donostiako Klasikoan iragan abuztuaren 3an Markel Irizar. Txirrindulari oñatiarra errepidean gregario eta bizitzan liderra izan da. Langilea, borrokalaria, euskalduna, konprometitua, bakarra eta errepikaezina. Nahiago nituzke balio horiek dituzten jokalariak bai Athleticen eta bai Realean.
Bizipoz beti nire hamaikakoan.