"Alemania atez ate"

Erabiltzailearen aurpegia

Orain dela astebete inguruko GOIENAn, kontraportadan artikulu bat agertu zen...

... Ixidor Soluperen izenean atez atekoaren inguruan.

Debagoiena Zero Zabor-eko kideok, artikulu horrekin ados ez gaudenez, erantzutea erabaki dugu. Artikulu horretan behin eta berriz aipatzen ditu alemaniarrak eta Alemaniar Berdeak jarraitu beharreko eredutzat. Eta Zero Zabor filosofiaren aitzindari eta bultzatzailetzat ere eurak jotzen ditu.

Artikulua bukatzeko, berriz, zera dio: "Ez al da atzerapausoa atez atekoa?".

Guk Debagoiena Zero Zabor taldeko kideok Europan martxan dauden eredu desberdinak aipatu nahi genituzke:

1-Gaur egun Espainian martxan dagoena: hondakinen %60 zabortegietara, %10 erraustu eta %30 birziklatu eta konpostatu.

2-Danimarkako eredua, Espainiak eta Bizkaiak eta Nafarroak jarraitu nahi dutena: %5 zabortegietara (eskoria eta errautsak kontuan hartu gabe), %55 erraustu eta %40 birziklatu eta konpostatu.

3-Alemaniaren adibidea: %1 zabortegira; %35 erraustu; %64 birziklatu eta konpostatu gaikako bilketa selektiboarekin (modelo hau portzentaje onenekin Flandrian dugu). Azpimarratu beharra dago herrialde hauetan hondakin organikoaren gaikako bilketa "behartua" dela, ez "borondatezkoa".

4-Italiako Iparraldeko zenbait herri eta hirik eta Gipuzkoak martxan jarri duten Zero Zabor eredua: %20 zabortegietara (ez toxikoa, ezta fermentagarria ere) eta %80 birziklatu eta konpostatu.

Beraz, Ixidor Solupek azaldu beharko digu ea nola lortu nahi dituen Alemaniako emaitzak "atez atekoa atzerapauso" bat baldin bada. Izan ere, Alemanian %64ko emaitzak lortzeko gaikako bilketa selektiboko sistemak (eta ez bosgarren edukiontziak) dauzkate martxan. Guk Italian eta Gipuzkoako zenbait herritan martxan dagoen eredua defendatzen dugu, baina Alemaniakoa ere dudarik gabe hobea delakoan gaude Danimarkakoaren aldean. Eta Bizkaiak, Nafarroak (eta Gipuzkoako aurreko Aldundiak) Danimarkako ereduaren aldeko apustu garbia egin zuten. Ixidor Soluperi eskatu nahi diogu bere artikuluaren beste puntu batean besteoi eskatzen diguna bere buruari aplika diezaiola: "... gutxienean, aurrekariak objetiboki azaldu behar direlakoan nago".

Azkenik, esan nahi dugu Alemaniako Berdeen errauskailuaren aldekotasunari buruzko berriak manipulazio mediatiko baten barruan ulertu behar direla. Notizia horiek zabaldu ziren bezain laster Monica Frassonik, Europako Partidu Berdeko presidenteak, honakoa adierazi zuen: "Europako Berdeek guztiz baztertzen dugu hondakinak kudeatzeko aukerarik onena erraustea delako ideia". Eta Alemaniar Berdeek erraustea defendatzearen notiziari buruz gaineratu zuen hura "errealitatea manipulatzeko saiakera" bat izan zela.

------------------------------

Andoni Agirre eta Nekane Ayensa
(Debagoiena Zero Zabor-en izenean)
Debagoiena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.