Salatzailea Gabriel Imaz izan zen, Maria Bautista alabaren administratzaile gisa. Salatua, Frantzisko Leibar, mutil-laguna. Salaketa Gatzagan jarri zuen 1708ko maiatzaren 15ean, alkate eta, aldi berean, epaile zenaren aurrean. Salaketan zioen, aitari baimena eskatuta, neska-mutilak harremanetan hasi zirela eta, ondorioz, alaba haurdun geratu zela. Leibarrek ihes egin eta Imazek eskatu zuen atxilotu, herriko espetxera ekarri eta haren ondasun guztiak bahitzeko. Hori, alabarekin ezkondu ezean. Estupro delitua egotzi zion, bortxaketa.
Kokatzen laguntzeko, Gabriel Imaz (1652-1717) oñatiar jatorrikoa zen, igeltseroa eta Gatzagan finkatua. Familia desagertutako Goikoetxaldean bizi zen, Dorletako santutegi ondoan. Han ari zen lanean Urrexolagaraiko Frantzisko Leibar (1683-1743). Ez zegoen leku egokiagorik gazteek elkar ezagutzeko.
Auziak eskatutako baldintza guztiak beteta, uztailaren 18an Leibar preso hartu zuten Cardeñako komentuan, Burgostik gertu. Lanean ziharduen, baina zezen-plazara joan eta herriko plazan harrapatu! Zeukaten deskribapenari esker ezagutu zuten eta hura zela onartu zien guardiei.
1708ko abuztuaren 3an, Gatzagako kartzelan sartu zuten, Uranga alkaidearen ardurapean. Barruan zegoela, hilaren 9an, ezkonduko zeneko kontratua sinatu ei zuen. Beraz, libre!
Biharamunean, elizako ezkondeiak eginda, larri gaixotu zen. 30 egun egin zituen Martin Zabala apaizaren etxean eta, ustekabean, ihesi Burgosera!
Bitartean, Inazio semea abuztuaren 26an bataiatu zuten.
7 urtera, Aretxabaleta, Aozaratza eta Urrexolagarai inguruetan ikusi zuten. Eta 1715ko urriaren 15ean atxilotu Eskoriatzan, Errege-bidean, Ibarraundia barrenean, eguerdian. Eskribauarekin batera, han zeuden Gabriel eta Martin Imaz aita-semeak. Arratsaldeko seiak aldera, Gatzagako kartzelan zen berriro, 500 dukaten fidantzapean.
Auzia eta epaia
Epaiketan zehar, Imaz aitak denetariko lekukoak aurkeztu zituen, lezioa ondo ikasita.
-Maria Bautista dontzeila zintzoa zela, kristau ona, familia onekoa eta alaba fina.
-Frantzisko, libre utzitakoan, bolatokira joan zela, han onartu zuela umea berea zela, ezkon-hitza eman eta ospa egin zuela, lana eta neska bertan behera utzita.
Alkatearen aurretik pasatu zirenek inoiz datu politen bat eman zuten: adiskidetasun berezia zutela; Salbera arte, Dorletako gaztainaduian ibiltzen zirela elkarrekin; mezuak trukatzen zituztela eta Eskoriatzako San Martin ermita inguruan ikusi zituztela, Errege-bidean jarrita.
Imazek zioen mutilak alaba engainatu zuela, etxera eraman eta bortxatu egin zuela. Haurdun utzita, ezkontzeko hitza bete gabe, hanka egin zuela. Zigor eredugarria merezi arren, alabarekin ezkon zedin gura zuen. Gainera, Dorletako lanetik zegokiona kentzea eskatu zuen.
Ondra kontuak! Alabaren bekatua zuritu beharra zegoen!
Frantziskok kartzelan hitz egin zuen 1717ko urriaren 19an: harreman sexualak biek onartuak izan zirela, ez ziola esposatzerik proposatu eta umedun geratu zela.
Ezkon-hitzak zirela eta, ezer ez zekien. Sukarrak jota, mozkortu eta kontzejuko goiko gelara eroan zutela eta han gertatutakoa ez zuela gogoratzen.
Bai, ordea, Imazek egindako bisita, 500 dukat emateko alabarekin ezkontzen bazen, baita egindako mehatxuak ere. Gaixoaldia ere ez zitzaion ahaztu.
1716ko otsailaren 20an jakinarazi zuten. 400 dukat eman beharra: 300, urtebetean; eta 100, lau urtetan: atxiloketa eta ekartzean egindako gastuak ordaintzeko, gaixotasunean sortutakoak, eta semea hazteko eta eskolan ikas zezan. Ezkondu ezean, Maria Bautistak baimena eman zion fraide sartzeko ala beste inorekin ez ezkontzeko.
Onartuta, Aozaratzan bizi zen anaia Juanek lagundu zion diruok zuzentzen. Berriro ere libre!
Maria Bautista Imaz
Leibarrek eskatuta, epaiaren ostean, Maria Bautistak deklaratu zuen martxoaren 28an. Orriren bat falta da aitortza osoa irakurtzeko, baina argi utzi zuen gurasoek bortizki eta makilaka hartu zutela, dirudienez, kontratuarekin ados ez zegoelako.
1719an gatzagar batekin ezkondu zen.
Frantzisko Leibar
Auzian zehar ez esan arren, Barrundiako Otatzan (Araban) ezkonduta (1713) zegoen, eta han hil zen (1743). Beste zazpi haurren aita: alaba zaharrenari Maria Bautista deitu zion; kartzelako sasoian semea jaio zen; gero, beste bost ume. Alargunduta, ostera ezkondu zen (1736).
Harrigarria da hil baino urtebete lehenago egindako testamentua. Aitatu zituen zendutako emaztea eta alaba zaharrena (21 urtekoa). Bi seme albazea izendatu zituen. Beste lauren berririk ez dago. Gatzagako Inaziorenik, ezta ere. Hilda ote zeuden? Umetan?
Nobela bat dirudi. Zer pasatu zen benetan? Nahi beste istorio asma dezakegu; tamalez, ez dugu sekula egia jakingo.