Alde batetik, erabiltzaileen hizkuntza eskubideak urratzen ditu, euren arteko hierarkiak ezarriz. Bestetik, ez du Euskadiko legedia betetzen, ezta goi mailakoa den Europako legedia ere. Azkenik, zerbitzuaren kalitateari kalte egiten dio. Izan ere, kalitatezko osasun laguntza pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena da. Euskarazko osasun zerbitzurik ez badago, ez da kalitatezkoa. Osasun arreta euskaraz lortu behar genuke, baina bere osotasunean, hau da, ahozko eta idatzizko harremanetan. Alegia, osasun langileokin euskaraz hitz egiteaz gain, ohar eta txosten guztiak euskaraz jasotzea. Funtsean, historia klinikoa euskaraz. Hau guztia lortzeko, irudi proben txostenak, besteak beste, ezinbestekoak dira.
Zergatik, hortaz, ekografiak euskaraz? Eskanerrak edo erresonantziak espezialistek eskatzen dituzte, baina familiako medikuok ekografiak eskatzen ditugu batez ere. Horregatik ekografiekin hasi gara.
Ondo eginak ondo dirudi, baina horrelako ekimen bat ez da aurrerapausoa izango, Aramaiora mugatzen bada. Debagoieneko erabiltzaile guztiek euren ekografien txostenak euskaraz jasotzeko eskubide osoa dute; egia esan, irudi proba guztien txostenak. Ia eskatzera animatzen zareten!