Futbol profesionalak eman dizkigun bizipenenetatik harago, Gipuzkoako herri guztietako elkarteek egiten dute futbola handi. Milaka dira gau eta egun musu-truk lanean dihardutenak, guztiak zuzen egin dezan aurrera. Eta nola ez dute, ba, Gipuzkoako etorkizuna diren gazteentzat lan hori egingo, hori bada gazteek egin nahi duten kirola?
Lan hori guztiori, ordea, ez da nahikoa. Futbolak aurrera egin behar du, eta eraldaketa sozialerako motor izan behar da. GFFk horretan sinetsi eta horretarako oinarriak jarri behar ditu ezinbestean. Etorkizunak zer ekarriko egon gabe, etorkizuna eraiki behar du.
Aurrerantzean, gure futbola ezin da izan emaitza jomuga duen 22 jokalariren arteko joko soila. Futbol eremuek askoz gehiagorako balio dutela frogatuta dago, eta balioetan hezteko tresna bikaina direla ere bai. Errespetuak izan behar du balio nagusi: futbol zelaietan nahi duen gazte orok izan behar du lekua, futbolean jakin zein ez. Onarpena, elkartasuna, ahalegina, eskuzabaltasuna, ekimena, elkarbizitza… izan behar dira futbol guneetako ardatz. Pertsona kirolariak eta bizitza osasuntsua duten gazteak hezi behar ditu futbolak.
Futbola ezin da hartu zenbaitek kudeatzen duten urrutiko kontu bat bezala. Egungo markoa aldatu behar dugu. Trantsizio garai bat behar dugu, jokalariekin ez ezik, gurasoekin, entrenatzaileekin eta kirol honekin lotura duten guztiekin lanketa egiteko.
Ez da bide errazena, baina bide egokiena delakoan nago. Ezagutzen dut honetan sendo lanean dabilen elkarte bat, baina GFFri apustu argia egitea dagokio, onura gipuzkoar guztiena izan dadin.
Zorionak, GFF, mende honetako arrakasta guztiengatik! Orain, erronka zoragarri honi arduraz heltzea opa dizut.
----------
Adrian Merino
Gipuzkoako Futbol Federazioko zuzendaritzako kidea
Aretxabaleta