Baina tristura horri leku egin ahala, barruagotik, sakonagotik datozen esker oneko hitzak eta sentipenak agertzen dira. Ederra izan da zu bidelagun, lagun izatea, Andoni. Euskalgintzak elkartu gintuen lehenik. Geroztik, herrigintzaren beste eremu batzuetan jardun dugu elkarrekin; hain gure sentitzen dugun ikastolan, bereziki.
Eta bidean ikasi dugu pertsonarik gabe komunitaterik ez dagoen moduan, ez dagoela pertsonarik komunitaterik gabe. Komunitatea zaintzea pertsonari garatzeko behar duen hori ematetik datorrela, hain zuzen ere. Eta nekez egin dezakegula lan herri libre baten alde geure barruko mamuen eta loturen esklabo garen artean. Abertzaletasunak, euskarak, ikastolak, kooperatibagintzak, beste herri batzuekiko interkooperazioak eta baserri munduak mugitu zaituzte, Andoni. Eta horren guztiaren oinarrian pertsona oso eta sendoak garatzen laguntzeak. Ze ederra izan den zu testuinguru horietan guztietan jarduten ikustea… Gure agropunk abertzale maitagarria…
Anderrek dion moduan, urtetan neurtu ohi dugu pertsona baten bizitza, baina bizitakoaren intentsitatearen arabera neurtu beharko genuke benetan. Eta zuk, Andoni, hiru bizitza edo gehiago bizi izan dituzu. Bejondeizula!
Ikastola, aitortzeko moduko eredua izeneko idatzia izan da zure azken ekarpena. Hezkuntza-lege posible baten atarian gauden honetan, zenioen hezkuntza-eremuan dugun "lorategi botaniko organizazional honetan" berezko balioa duela dibertsitateak. Uste dut eragile bakoitzari egindako ekarpena aitortzea eta horri guztiari leku egitea desio zenituela. Nik, behintzat, bai. Ea horretan herri honek hain beharrezkoa duen elkarlan eta batasunean urratsak egiten jarraitzeko gai garen.
Pertsonak, bere onenean kokatuta dagoenean, dir-dir egiten du. Eta, argi-ilunak argi-ilun, dir-dir egiten duten pertsona asko daude, zorionez. Beste asko, zu moduan, joan egiten zaizkigu, baina dir-dir egiten jarraitzen dute. Batzuk zein besteak inspirazio-iturri dira guztiontzat. Guk badugu nora begiratu. Agur eta ohore, Andoni!
----------
Amaia Antero Intxausti
Aretxabaleta