Denboraren luxua

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirre

Jadanik gehienok oporretatik bueltan ibiliko gara.

Buelta ondorengo egunak berriz gertukoekin elkartzeko momentu atseginak izaten dira. Oraindik guztiz errutinan sartu gabe gabiltza, eta nondik nora ibili garen kontatzen ibiltzen gara.

Ohi denez, non egon garen eta zer egin dugun inguruan hitz egiten dugu, eta gertatutako anekdota guztiak partekatzen ditugu. Elkarrizketa horietan, mota guztietako oporrak egiten ditugula nabarmentzen da; pertsona bakoitza ezberdina den heinean, noski.

Batzuek mendian, batzuek hondartzan, batzuek hiriburuetan; batzuek gertu eta beste batzuek urrun; batzuek egun gutxi batzuk, eta beste batzuek egun dezente. Batzuek modu aktiboan igarotzen dituzte eta beste batzuek, erlaxaturik guztiz; batzuek kirola eginez eta beste batzuek, txiringitoz txiringito... Badaude opor mota ezberdinak hibridatzen dituztenak ere.

Eta jendeari ze moduz dabilen galdetzen diozunean, denok antzera erantzuten dugu: "Jubilatu nahiko nuke oporretan jarraitzeko", "Emazte edo gizon aberats bat behar dut lanik ez egiteko", “Ea loteria tokatzen zaidan”, "Betiko oporretan bizitzeko jaio naiz, nire mood-a da", eta abar, eta abar.

Oporrak, azken finean, deskonektatzeko aukera bihurtzen dira, nahiz eta bakoitzak modu ezberdinean gauzatu. Egia da batzuek ezin izaten dutela deskonexio hori lortu, lana dutelako, lana gainean eramaten dutelako edo beste hainbat arazo dauzkatelako.

Lankide batekin hori guztia komentatzen aritu naiz, eta ondorio berera iritsi gara: deskonexioa garrantzitsua da, baina luxuzkoa dena, benetan, denbora izatea da.

Denbora. Egunak beti 24 ordu ditu, eta 24 ordu horietan zer egiten dugun norberaren aukera eta ardura da. Oporretan denbora txikle bat bezala luzatzen dela ematen du. Denbora hartzen dugu benetan egin nahi dugun hori egiteko, eta horrek plazer-injekzio bat ematen digu.

Opor bueltan, arduren errutinan berriz sartuko garenean, denborarekin berriz borrokan hasiko gara, eta denborarekin oreka bat lortzea izango da gure erronka nagusietako bat. Animo!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak