Denbora aurrera doa eta guri ere iritsi zaigu etapa berri hau; pertsona nagusien zainketan eta gure gizarte-sistemak dituen baliabideekin bete-betean topo egiten dugun garaia. Zaintza-sisteman dauden langileak oso balio handikoak dira eta beti eskaini digute prestutasun osoa, baina hainbat kezka sortu zaizkit.
Alde batetik, lan-munduko baimenak daude. Ospitaleratze bakoitzeko 4-5 eguneko baimena dugu ingurukoontzat. Aitaren azken ospitaleratzea, ordea, lau astekoa izan da; beraz, sekulako kabalatxeak egin behar izan ditugu. Ondorioz, ezinbestekoa izan da gauean norbait kontratatzea; ordainduz, noski. Argi dago lan-mundua ez dagoela prest zainketa luzeei aurre egiteko.
Bestalde, etxera itzulitakoan laguntza behar izanez gero –batez ere, pertsonak autonomia minimoa duenean–, gauzak ez daude erraz. Foru Aldundiaren eta udalaren aldetik laguntza-eskaintza badago, baina, dependentzia-mailaren arabera, mugatua izan daiteke. Askotan, sistemak ez ditu behar guztiak asetzen eta modu pribatuan kontratatu behar izaten da laguntza. Eta ez da merkea, gauzak legalki egin nahi badira. Baliabide ekonomikoak behar dira kalitatezko zainketa bermatzeko.
Beste kontu kezkagarri bat familiako egitura berriena da: gero eta ahalmen txikiagoa dago familia barruan zaintzeko. Familia-unitatea lehengoa baino askoz murritzagoa da. Gu geu nagusi egiten garenerako, nork zainduko gaitu? Zaintzaileak behar ditugu.
Zalantza sortzen zait arreta medikoa egokia ote den, norberaren bizi-kalitate duina mantentzeko gai den edo pertsonaren bizi-nahiari erantzuten dion. Bizi duina bermatzeko politikak ziurtatu beharra dago.
Ospitaleak ez daude prest datorren adinekoen zainketa-uholderako. Gero eta nagusi gehiago izango gara eta osasun-beharrak hazi egingo dira.
Kezka horiek guztiak gizarte gisa epe labur edo ertainera konpontzeko gai ez bagara, ez nintzateke harrituko laster pass away egiteko pilularen batzuk agertuko balira.