Ez da bat-bateko gertakizuna, baizik eta denboran luzatzen den trantsizio bat.
Egoera honen aurrean, emakume bakoitzak bere erara egiten dio aurre. Bizipenak, egoerak eta kasuistikak askotarikoak dira, pertsonak desberdinak garen neurrian. Hala ere, badira errepikatzen diren pertzepzio eta sentsazio batzuk: ezjakintasun handia dago oraindik, eta ez dago menopausiari bere osotasunean heltzen dion arreta-zerbitzurik.
Sintomak agertzen hasten dira, eta osasun-zerbitzuetara jotzen duzunean, eskaintzen diren aukerak, askotan, medikamentu gogorretan oinarritzen dira. Kasu batzuetan hala izan beharko du, noski, baina beste askotan euliak kanoikadaka hiltzearen sentsazioa sortzen da: arazo konplexu bati erantzun sinplista eta astuna ematen zaiola.
Nor bere kabuz konponbideen bila hasten denean, gainera, produktu-unibertso zabal batekin egiten du topo. Saiakuntza eta errorearen bidez, ondo egiten dizun zerbait aurkitzea lortzen duzu, agian, baina bidean dirutxo bat galtzen da, eta etxeko armairuak potez beteta amaitzen du.
Aurreko belaunaldiek zelan konpondu zuten? Seguru asko, isiltasunean; askotan, gaixotasun-prozesu baten barruan baleude bezala artatuta. Eta gaur egun ere, neurri handi batean, egoera ez da askorik aldatu esango nuke.
Une honetara iritsita, konturatzen zara bizitzako momentu erabakigarri batean norberaren baliabideen eta zortearen esku uzten dela menopausia, eta ez arreta integrala eta pertsonalizatua eskainiko lukeen zerbitzu baten babespean. Halakorik balego, gainera, pribatura jo behar izaten da, osasun publikoan ez delako aurkitzen.
Menopausia gero eta kontzienteago bizitzen dugun neurrian, isiltasunetik ateratzeko aukera gehiago izango ditugu. Eta gorputzak eskatzen duen arreta hori entzunarazten dugunean, agian, merezi dugun lekua hartzen hasiko gara osasun-sisteman ere.