Arrakala artifiziala

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirre 2025ko urr. 20a, 00:00

29 urte dira lanean hasi nintzela.

Orduan, enpresen digitalizazio-maila ez zen handia, eta orduko ordenagailuak gaur egun urte batzuk dituztenek bakarrik gogoratuko dituzte.

MS-DOS sistema operatiboa erabiltzen genuen, eta maneiatzeko, memorizatu beharreko kode pila erabili behar zen. Ez zegoen kolorerik, ez irudirik, ezta grafikorik ere. Orduantxe, enpresako gazteok Windows-eko ikastaro batzuk egin genituen, eta, lan administratiboetan nahiko aurreratzen zela ikusita, lizentzia batzuk erosi ziren. 

Laneko beteranoek txundituta begiratzen zizkieten koloretsu egiten genituen txostenei, grafikoz eta irudiz betetakoak. Orduantxe konturatu nintzen gure lankide beterano batzuk ez zirela Windowsera moldatu, eta gutxi batzuk, gazteak, izan ginela erabiltzaile nagusiak. Hura izan zen, esango nuke, bizi izan nuen lehen arrakala digitala. Windows zekiena kapitain jenerala zen. 

Urte gutxi batzuk geroago, Interneten garaia heldu zitzaigun. Guztia aldatu zuen: mezu elektronikoak hasi ginen erabiltzen faxaren ordez, sarean behar genuen informazioa lor genezakeen, Internetekin batera smartphoneak ere agertu ziren, eta interkonexioa ahalbideratu. Denak abiadura hartu zuen, eta, handik gutxira, lan-denbora kudeatzeko ikastaroak egiten hasi ginen. Han ere batzuk kolokan gelditu ziren, efizientzia zela eta. 

Aste honetan, adimen artifizial generatiboaren ikastaro bat hasi dugu lanean. Adimen artifizialarekin aurretik jolas apur bat eginda joan ginen gehienok, baina tresna digital berri horrek nora eraman gaitzakeen ondo jakin gabe. Hor hasi gara ere hitz berriak ikasten: token, prompt eta abar. Lehen orduak pasa ahala, txundituta hasi ginen gelditzen tresnak egin dezakeen guztiarekin. Ikastaroko lehen egunak bakarrik izan dira, baina, lagunok, hemen beste arrakala digital bat sortuko dela ez dut dudarik. Arrakala artifiziala errealitate egingo da. Animo!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak