Osakidetzak ez zuen baliabiderik kasu larri bati erantzuteko, eta familiak Bartzelonako klinika pribatu batera jo behar izan zuen, eta hilean 7.000 euro ordaindu. Argi dago Euskadin ez dagoela JPN kasu larriak behar bezala artatzeko zentrorik, eta osasun publikoaren ahultzea gero eta nabarmenagoa dela.
Anorexia nerabeen pisu-galeraren arrazoi ohikoena da; pandemiaren ostean, JPN kasuak %20 hazi dira, gaixotasun horren hilkortasun-tasa %4koa da eta kasuen %20an suizidioa izaten da heriotzaren arrazoia. Datu beldurgarriak benetan.
Pandemian, isolamendu sozialak eta errutinen galerak elikadura-ohiturak aldatu eta jarduera fisikoa murriztu zuten. Eta sare sozialen erabilera handiagoak gorputz idealizatuekin alderaketa sustatu eta joera ez-osasungarriak zabaldu zituen. Ziurgabetasunaren ondoriozko antsietateak eta estresak portaera elikagarri desordenatuak garatzea eragin zuten, elikadura-murrizketa muturrekoen eta betekada-aldien bidez.
Osasun mentaleko zerbitzuen saturazioak zaildu egin zuen diagnostiko eta tratamendu goiztiarrerako sarbidea. Kasuak nabarmen hazi ziren eta osasun-baliabideak gainezka geratu ziren; egoerari aurre egiteko, Jaurlaritzak JPN tratamendurako unitate espezializatuak sortzea iragarri zuen, baina eskaria osasun-sistemaren gaitasuna gainditzen ari da, familia horren kasuari erreparatzen badiogu.
Pantailen gehiegizko erabilera JPN areagotzen laguntzen duen faktore nagusienetakoa da. Garrantzitsua da gailuetan murgiltzea saihestu eta benetako topaketak eta harremanak sustatzea. Osakidetzak konexioa indartu behar du gaixotasun horiekin, baliabide egokiak eskainiz eta pazienteek behar duten arreta bermatuz. Konektatu benetan.