Txikitik handira, eta ametsetatik errealitatera

Erabiltzailearen aurpegia Aratz Losada 2020ko urt. 3a, 09:18

Dagoeneko azkenetan dabil 2019. urtea. Izan ere, konturatu ere egin gabe, gizaldi berriko bigarren hamarkada estreinatuko dugu laster batean, eta, kirol zale garenontzat, 2020ak opari berezi bat dakarkigu: Olinpiar Jokoen beste ekitaldi bat. Tokion izango dira, eta, diotenez, inoizko Olinpiar Joko berritzaileenak izango dira. Ea, bada, noraino harritzen gaituzten japoniarrek.

Edozelan ere, teknologiaren baliabide mugagabeak alde batera utzita, festa ikusgarri honek daukan beste bertute bat nabarmendu nahiko nuke: hain zuzen ere, oso oihartzun mediatiko txikia duten kirolak unibertsoaren erdigunean kokatzen dituzte Olinpiar Jokoek. Horrenbestez, lau urtean behin bada ere, handienen pare jarriz eta orokorrean ez daukaten erakusleihoa eskaintzen diete. Futbolaz, saskibaloiaz eta txirrindularitzaz haratago, kirol benetan interesgarriak ikusteko aukera bikaina izango dugu.

Eurokopa, Bilbon ere bai

Futbolzaleek, berriz, ohiko jardunaz gainera, Eurokopa ere izango dute. Herrialde ezberdinetan jokatuko da aurrenekoz eta formatu berritzaile honek Euskal Herriari mundu zabalera proiektatzeko aukera eskainiko dio, Bilbo eta San Mames hainbat selekzio eta zaleren egoitza izango baitira udaberri amaieran. Hala, tamainaz txikiak izan arren, ekitaldi handiak hartzeko gai garela erakutsiko dugu, beste behin. Horretaz gain, Debagoienean bertan ere badaukagu era honetako adibiderik. Izan ere, baliabide gutxirekin, baina herriaren babesarekin, Antxintxika triatloi taldeak sekulako aurrerapausoa emango du urte berriarekin batera. Kirolaren alderdi integratzailea indartu nahian, sail egokitua sortu du talde horrek, eta, besteak beste, kirolari eredugarri den Joseba Azkarate oñatiarrari, bizitzako erronka garrantzitsuena gainditzeko baliabideak eta laguntza eskainiko dizkio. Bejondeizuela!

Agur Zubikoa kiroldegiari

Eta, txantxikuarra izanik, ezinbestean, gure kiroldegi maiteari buruz hitz eginez amaitu nahiko nuke. Hiru hamarkada luzeko historia utziko du atzean Zubikoa zaharrak, eta, datorren urtea erabiltzaileontzat zaila izango den arren, etorkizuna hobea izango da. Txiki eta zaharkituta zegoen eraikinari berritzeko unea iritsi zaio, berak ere handienen pare egon nahi du eta!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak