Gurean gauzak zerbait hobetu badira ere, Bizkaian, adibidez, nabarmen atzetik dabiltza: %45,5era justuan heltzen dira etxeko hondakinen bilketa selektiboari dagokionez.
Dena den, argi dago, eta, batez ere, industria hondakinen kudeaketaren inguruan, ikasteko eta lan egiteko asko dugula.
Ez da batere onargarria hondakinen kudeaketa esku pribatuen eskuetan jartzea; are gutxiago, holako gaiekin negozioa egitea.
Zaldibarko zabortegiaren kudeaketa eramaten duen enpresak eta administrazioak berak esan digute zabortegian jasotzen aritu diren material guztiak onartutakoak izan direla.
Ikusi dugu zer dakarren denetariko materialak nahasteak.
Fermentazioa, gas isurketa, sua, dioxina eta furano tasa altuak airera… eta inguruko herritarron osasuna arriskuan jartzea.
Non egon da administrazioa hau guztia kontrolatzeko eta ekiditeko?
Etxean eta industrietan erabiltzen diren materialek birziklagarriak izan behar dute. Eta ez badira, gure agintariek merkatutik ateratzeko pausoak eman behar dituzte.
Bestalde, industrietan, nahitaez, erabiltzen diren material arriskutsuei tratamendu partikularra eman behar zaie eta beharrezkoa dena exijitu behar dio administrazioak industriari, dena kutsatu ez dezagun.
Orokorrean, materialak zabor bihurtzea onartezina da eta administrazioak ezin du kaltea eragiteko erraztasunik eman, ezin ditu kalte horiek eragiteko bitartekoak jarri, herritarron osasuna eta ingurumena babestu behar baititu.
Zaldibarren gertatutakoak erakutsi digu ez gabiltzala batere ondo eta denon arteko konpromisoa eskatzen duela, alderdikerietatik at, bide egokiena aurkitu dezagun.
Bitartean, zorte guztia opa dizuegu Zaldibarren egun hauetan lanean zaudeten guztioi eta besarkada handi bat bertan desagertutako bi langileen familiei!
----------
Andoni Loiti eta Piter Encinas
Arrasateko Zero Zabor eta Ekologistak Martxan taldeen izenean
Arrasate