Txosten tekniko batek saihestu egin du Bergarako Udalak bere gain hartzea herria txakur kaketatik garbi mantentzeko erantzukizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiert Lizarralde 2018ko uzt. 6a, 07:54

2018.06.29an El Diario Vasco egunkarian argitaratutako ohar batek EAJk eta PSEk osatutako Bergarako udal-gobernuak deklarazio instituzional baten berri ematen du, non Irabazi koalizioko zinegotzi Aiert Lizarralderi aurpegiratzen zaion udal-teknikarien profesionaltasuna zalantzan jarri izana. 2018.06.25eko ohiko osoko bilkura batean sortutako eztabaida garratza dago jatorrian, Irabazik mozio bat aurkeztu baitzuen bide publikoan uzten diren txakur kaken arazoaren inguruan.

Irabazi Bergaran ez dugu udal-langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen, udal-gobernuak gure ordezkariaren izen ona galarazteko hori esan badu ere, baina teknikariek ematen dituzten txostenen inguruan gure desadostasuna agertzeko eskubidea dugu, txosten teknikoak lege interpretagarrietan oinarrituta daudelako, eta guk ere lege horiek kontsultatzen ditugu, baita lege horiek ezagutzen dituzten beste teknikari batzuk ere.

Legeak esaten du kalegarbiketa udalaren betebeharra dela eta txakur kakei dagokienez, udalak zigortu egin behar ditu udal-arau hori betetzen ez duten jabeak. Herri osoaren arazo bihurtu denez, eta errudunak aurkitu eta zigortzea zaila denez, txakurren DNA errolda bat egitea proposatzen du Irabazik.

Horri buruzko txosten tekniko batek esaten duenez, gai hori ez da udaleskumenekoa, baina aztertzen ari garen gaiaren inguruko legeak ez du atal batean ere debekatzen udalak txakurren DNA errolda bat egitea. Aitzitik, udalak herriko txakurren errolda bat izan behar duela ezartzen du, eta txakur guztiek identifikatzeko moduko txip bat eraman behar dutela.

Udal-gobernuak gaia ez dela udal-eskumenekoa dio eta ez duela horren inguruko neurririk hartuko. Serioa da horrela jardutea kontuan izanda udala dela herritarrek hurbilen duten administrazioa? Serioa da kaleak garbi daudela esatea herritarrak txakur kakekin nazkatuta daudenean? Herrian sortzen diren arazoak ez al dira udal-eskumenekoak?

Irabazik bere gain hartzen du gizabidearen aurkako ekintza horiek direla-eta herritarren defentsan duen erantzukizuna, eta legea alde zein aurka, bere esku dagoen guztia egingo du herri honetan bizikidetza errespeta dadin.

----------

Aiert Lizarralde

Irabazi Bergara

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak