Aspalditik datorren historia da. 1468. urtean Baltzategiko Errodrigok, arantza artean, Mariaren iruditxoa aurkitu zuen. Garai odoltsuak ziren haiek euskal gizartearentzat eta baketzerako dei eta zeinutzat ulertu zen irudiaren aurkikuntza. Berehala bidea ireki, eta elorriko Amarentzat ermita bat eraiki zen, eta ordutik, askoren bihotzean bakea eta poza isuri du ibaika.
"Zelako erokeria!", pentsatuko du inork, akaso, harrizko irudi txiki horri begira jarrita horrelako festa nola egin daiteken ulertu ezinik. "Zelako emakumea!", esan du beste batek, harri eta zur, begiak itxita Andre Mariari begira-begira zegoelarik.