Gune honek, besteak beste, isiltasuna beharrezkoa dugula adierazten digu eta hartarako deia egiten. Zertarako isiltasuna, ordea?
Inguratzen gaituenari soinua eta irudia kentzen dizkiogunean, kanpotik datozkigun mezuak une batez itxarongelan uzten ditugunean, isiltasuna presente egiten zaigu. Eta kanpokoa isilduta, gure begiek eta belarriek barrurako bidea hartzen dute. Pauso garrantzitsua hau, norberaren burua gehiago ezagutzeko.
Eta behin barrura sartuta, kanpokoa bezain nahasia eta zaratatsua den errealitatearekin topo egiten dugu sarri. Ideiak eta kontzeptuak sortzeko makina beti martxan dagoela dirudi, eta ardura eta minek ere konponbidea ozen aldarrikatzen dute. Barruko atseden eta isiltasunaren giltza baina, geure barruarekin eta bizi dugunarekin adiskideturik bizitzea izan daiteke. Benetan jakintsua ez baita asko dakiena, bizitzen dakiena baizik.
Honen harira, Jesus ben Sirak-en jakinduria liburutik hauxe azpimarratuko nuke: “Jakinduria maitatzea bizia maitatzea da, haren bila lehiatzen direnak pozez beteko dira. Landu ezazu laborariak lurra lantzen eta ereiten duen bezala, eta egon gero fruitu gozoen zain…”. Isiltasunaren laborari.