Txorimalotan, kontzertu eta erromerian, antzerki eta dantzaldian, kirol eta jolasetan, jan eta edanaren dastaketan izango da parte-hartze ugaria, seguru asko. Ekintza kopurua kontuan hartuz gero, behintzat, herria bizirik dugula esan dezakegu.
Herriaren bizi hori osasuntsua dela esateko, ordea, sakonago begiratu beharko genukeela uste dut. Bizi sendoaren seinale dira giza duintasun bera onartzea eta errespetatzea guztion artean, sexu, arraza, erlijio eta ideien gainetik; bestearen eta, batez ere, baztertu ditugunen beharrak ikusi eta laguntasuna emateko gai izatea; egiazkotasuna bilatzen duten gogoeta pertsonalak egiten ausartzea eta horren arabera jokatzea.
Bestalde, minbizia zabaltzeko ahalmena duten jarrera batzuk ere aipatu gurako nituzke: festa modu zoroan ulertzea, txutxu-mutxu sortzaile eta zabaltzaile izatea, artalde bizimodua eredugarritzat hartu eta sistema ideologikoek agintzen diguten moda eta arauei “beee-baii” esatea.
Autokritikarako gaitasuna izanez gero, aldiz, guztiok aitor dezakegu nolabaiteko sendabelarra hartzea komeni zaigula. Berri ona izango litzateke, beraz, gutako bakoitzak dieta egitea mintzen gaituzten jarrera horietatik.