Serio?

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Lasagabaster 2024ko aza. 8a, 00:00

Matraka ederra ematen ari dira aspalditik enpresariak eta politikariak absentismo laboralarekin.

Konbentzituta nago medio batzuen helburua dela gutxi batzuei oihartzuna eman eta kalean bajen gaineko iritzi maltzurrak zabaltzea. "Hori? Hori beti bajan dago!", dio batek. "Funtzionarioek igual kobratzen dutenez, sarri-sarri bajak hartzen dituzte", dio besteak. Eta horretan gabiltzala... hara! Oharkabean, abuztuko oporren bezperan, Espainiako Gobernuak erretiro erreforma bat adostu zuen Estatuko sindikatu nagusiekin elkarrizketa sozialeko mahaian. Aldaketaren titulu nagusia erretiroei dagokien arren, kezkatu nauen puntuak ez du zerikusirik gai horrekin. Lege bihurtu beharreko neurrien artean, nahiko kamuflatuta nire iritziz, baja traumatologikoen jarraipena mutuei ematea proposatu dute. Onartuta Gizarte Segurantzako osasun publikoko medioek ez dutela behar besteko kapazitaterik horiei tratamendu egokia emateko, horien gaineko proba medikoak –besteak beste– mutuen esku utzi nahi dituzte. Labur esanda, bajak ahal den eta laburrenak izateko, neurri berriak jarriko dituzte. Eta diru publikoa osasun sistema publikora bideratu beharrean enpresa pribatuei bideratuko zaiela. Osasungintzaren pribatizaziorako beste pauso bat, alegia.

Absentismoari begira, neurri horrekin bajak gutxituko dira? Ez dut uste. Osakidetzako saturazio arazoak konponduko dira? Kar, kar, kar... Hemen, betiko moduan, galtzeko gehien langileak du. Aspalditik ezagutzen ditugu mutuen praktikak. Lehenengo eta behin, kategorikoki, zure patologia ez dela lan-gaixotasuna esango dizute, eta gero ahal den bajarik motzena izan dezazun presioa egingo dizute. Gaixotasunak ez lirateke inoiz negozio bilakatu behar. Hasi gaitezen premisa horretatik legeak egiten. Orain, baja malguekin hasi dira. Baja eta lana bateragarri egiteko legea onartu nahi dute. Serio?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak