Bakoitzak bere metodologiarekin, gizarte osora estrapolatzen dituzten emaitzak interpretatzen dituzte. Ez dut dudan jartzen profesionaltasun, zehaztasun eta objektibotasun zabalenarekin aritzen direnik, baina ni ez naute konbentzitzen. Errezelo galanta daukat.
Idatzi hau egin dudanerako –otsailaren 6a; ez zait azken orduan ibiltzea gustatzen–, Urkulluk oraindik ez digu iragarri hauteskundeak noiz izango diren. Hala ere, dozenaka egunkari-orri bete dituzte inkestok. Zergatik erabiltzen ditu media-talde handi bakoitzak bere inkestagileak? Zergatik, egindako galderaren erantzunak berdintsuak izanik, bakoitzak bere ondorio propiok bihurtzen ditu titular?
Nik ere inkesta egin dut eta 25 pertsonari galdetu diet ea erreparatzen dieten inkesta horiei –familiakoei, lankide batzuei, herriko dendari bati, lagunen bati ...–, eta 25etik hamalauk esan didate ez dituztela begiratzen; 25etik hogeik ez diete sinesgarritasunik aitortzen –euren bizitzan ez dute inkesta horretan parte hartu duenik ezagutu–; eta 25etik 25 ados daude gauza bakarrean: herritarron iritzia manipulatzeko besterik ez dutela balio diote.
Duela hilabete batzuk, Espainiako Estatuko medio garrantzitsu batek zera argitaratu zuen: inkesta baten arabera, gizonezkoen %44, berdintasunaren izenean egindako borroken ondorioz, diskriminatuak sentitzen dira. Gainera, feminismo hitzak galdetutako gizonezkoen %62ri gaitzespena eragiten die. Duda barik, ederra inkesta horrek genero berdintasunari egiten dion ekarpena. Berdintasunaren aldeko borrokan, badakigu pribilegiatuen aldetik erresistentziak topatuko ditugula. Ez diezaiegun inkesta bateko titularrak oparitu haiei!